GIZARTEA

Mendekotasun laguntzak bermatzeko dekretua onartu du Gipuzkoako Foru Aldundiak

Dekretu horren bidez baieztatu dute mendekotasun laguntzak jasotzen dituztenek orain arte jaso duten gehieneko diru kopuru berbera jasoko dutela aurrerantzean.  

2012ko irailaren 6a
17:06
Entzun

Gipuzkoako Foru Aldundiak mendekotasun laguntzak bermatzeko dekretua onartu du gaur, PPren gobernuaren murrizketek kalterik ez egiteko asmoz. Dekretu horren bidez baieztatu dute mendekotasun laguntzak jasotzen dituztenek orain arte jaso duten gehieneko diru kopuru berbera jasoko dutela aurrerantzean. Gipuzkoan, gutxi gorabehera, 11.800 laguni eragingo die neurri horrek, aldundiaren arabera.

Era horretan, batetik, familia inguruneko zaintzetarako diru laguntza ekonomikoa, Gipuzkoan 10.500 onuradun dituena, 520,69 eurokoa izango da; bestetik, laguntza pertsonalerako laguntza 833,96 eurokoa izango da —1.149 onuradun ditu—; eta, azkenik, zerbitzuari lotutako laguntza ekonomikoa, 462,18 eurokoa —147 onuradun dituena—. 

 

Ander Rodriguez Gizarte Politikako diputatuak konpromisoa erakutsi du egungo sistemari eusteko eta gizarte murrizketak ez aplikatzeko, nahiz eta horrek "aldundiaren diru kutxentzat izugarrizko ahalegina ekarriko duen". Gizarte politikako diputatuak azaldu duenez, Espainiako Gobernuak Mendekotasun Legea finantzatzeko prestazioetan egindako murrizketen ondorioz, aurten 1.541.000 euroko galera eragingo du irailetik abendura bitartean. Zifra horri gainerako murrizketak gehituz gero, Gipuzkoak 2013an urteko 10 milioi euroko diru sarrera galduko du laguntzak eta zerbitzuak ordaintzeko, Rodriguezen arabera.

Raxoiren gobernuak uztailean Mendekotasun Legearen erreforma bat onartu zuen; horren ondorioz, %15 gutxitu ditu mendekotasuna duten pertsonen senideentzako laguntzak, eta sistemara gehitu direnen diru kopurua, berriz, % 30, irailaren 1az geroztik.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.