Gizartea

Mendekotasun Legearen murrizketak auzitegira eramango ditu Nafarroak

Konstituzionalera jotzea erabaki du parlamentuak. PPN izan da aurkako botoa eman duen bakarra. Madrilek herrialdearen eskumenak urratu dituela uste dute alderdiek.

Berria.info
2012ko urriaren 11
12:48
Entzun

Mendekotasuna dutenei laguntzak emateko legearen erreforma auzitegira eramatea adostu du Nafarroako Parlamentuak, foru instituzioen eskumenak urratzen dituelakoan. Alderdi guztiek babestu dute proposamena, PPNk izan ezik. Espainiako Auzitegi Konstituzionalean aurkeztuko du helegitea.

Parlamentuko osoko bilkurak hartu du erabakia, gaur bertan. Hezkuntza eta osasun arloko murrizketen aurka eta funtzionarioen soldata murrizketen aurka ere helegiteak jartzea erabaki du parlamentuak azken hilabeteetan.

Mendekotasun laguntzen murrizketen kontra egitea aho batez erabaki du, gaurkoan, parlamentuak. PPN izan da Madrilgo gobernuaren erabakia babestu duen bakarra. UPNren jarrera "kezkagarritzat" jo du PPNk, eta ohartarazi dio Espainiak "bideragarritasun ekonomikoa" bermatu behar duela uneotan.

Defizita murrizteko helburuarekin bat datorrela erantzun du UPNk, baina horretara iristeko erkidegoen eskumenak ezin direla urratu zehaztu du.

Helegiteak aurkeztea beharrezko den arren ez dela nahikoa esan du Maiorga Ramirez Bilduko parlamentariak, eta Nafarroako eskumenak babestera deitu du. Gastua murrizteko beti gizarte gastua murriztea salatu du, berriz, NaBaiko Xabier Lasak.

Orain Nafarroak bezala, Gipuzkoako eta Bizkaiko diputazioek ere desadostasuna agertu dute Espainiako Gobernuak agindutako murrizketekin. Mendekotasun laguntzei eusteko borondatea agertu dute, diputazioak baitira haien kudeaketaz arduratzen direnak, ekarpenaren parte bat Madrildik jasotzen duten arren.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.