Mendekotasunari buruz Espainiako Gobernuak onartutako dekretua konstituzioaren aurkako izan daitekeela uste dute Nafarroako Parlamentuko zerbitzu juridikoek; Nafarroaren eskumen batzuk urra ditzakeela ohartarazi dute, gainera. Parlamentuak hala eskatuta aztertu dute dekretua zerbitzu juridikoek, eta atzo eman zuten ikerketa horren ondorioen berri.
Zehazki, dekretuaren 22.8 eta 22.9 artikuluetan antzeman dute Espainiako Gobernua neurriz gain aritu dela dekretua idazterakoan, eta Nafarroari dagozkion eskumenak arautu dituela horien bidez. Dekretuaren hamargarren eta hamabigarren xedapen iragankorretan ere «Nafarroaren eskumenak urratu ditu» Madrilgo gobernuak, zerbitzu juridikoen erranetan. Gainerako artikulu eta xedapenak arauzkoak direla erantsi dute, ordea. «Ulertzen dugu, beraz, konstituzioaren barrukoak direla», azaldu dute. Zerbitzu juridikoek erantsi dute parlamentuari dagokiola dekretuaren kontrako helegitea jarri edo ez erabakitzea.
Espainiako Kongresuak uztailean onartu zuen Mendekotasun Legearen erreforma. Hura ezartzeko diru funtsak urritu zituen, eta mendekotasun arinak dituztenei zerbitzuak jasotzen hasteko epea atzeratu zien dekretuak, besteak beste.
Helegitea, bidean
Zerbitzu juridikoen azterketaren berri izan bezala, helegitea jartzeko eskaera aurkeztu zuen Roberto Jimenez PSNko parlamentariak atzo. Nafarroaren autogobernua babesteko ez da ezer egiten ari UPN, Jimenezen esanetan. Mendekotasunari buruzko dekretua ongizate estatua «desegiteko» beste urrats bat dela ere salatu du. Helegitearen alde agertu da NaBaiko parlamentari Patxi Zabaleta ere. Urriaren 13an helegitea jartzeko epea bukatzen denez gaia urriaren 11ko osoko bilkurara eramango dutela esan du. Parlamentuko zerbitzu juridikoen txostena aztertu behar dutela azaldu du Jose Miguel Nuin Ezkerrako parlamentariak, baina helegitea jartzeko prest agertu da.
Mendekotasun murrizketak konstituzioaren aurkakoak direla ohartarazi dute
Espainiaren dekretuak Nafarroaren eskumenak urratzen dituela uste dute parlamentuko zerbitzu juridikoek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu