Mendetasunen bat dutenen arreta «kinka larrian» dago Nafarroan

Laguntzei ezarritako murrizketak gogor salatu ditu Mendeko Pertsonen Eskubideen Aldeko Plataformak

Mendeko pertsonen arretan gertatu murrizketak salatu ditu haien aldeko plataformak. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
edurne elizondo
Iruñea
2012ko ekainaren 20a
00:00
Entzun
Gero eta mendeko gehiago; eta gero eta laguntza gutxiago haientzat. Hori da egoera Nafarroan, Mendeko Pertsonen Eskubideen Aldeko Plataformak salatu duenez. «Kinka larrian gaude», erran du taldeko kide Isabel Arboniesek. «Alarma» piztu nahi izan du, eta erakunde publikoei ez ezik, gizarte osoari «arduraz jokatzeko» eskatu die. Erakundeei galdegin die mahai gainean jar ditzatela mendeko pertsonak artatzeko baliabideak; eta gizarteari, berriz, mendeko pertsonen eguneroko errealitateari so egin diezaiola. Ez ditzala bazter utzi.

Azken hilabeteotan Espainiako eta Nafarroako gobernuek erabakitako murrizketek zuzenean eragin diote mendeko pertsonek jasotzen duten arretari, plataformak agerian utzi duenez. Nafarroan 50.000 inguru dira mendekotasunak dituztenak; haietako 7.000 inguru zentro berezietan bizi dira, eta gainerakoak haien familiek artatzen dituzte, etxean. Zaintzaile gehienak emakumeak dira. Mendeko pertsonen artean badira gaixotasun kronikoak etaneurodegeneratiboak dituztenak, ezintasunen bat dutenak, bai eta buruko gaitzen bat dutenak ere. 65 urtetik goitikoak dira guztien %78.

Pertsona horien egunerokoa gero eta zailago bilakatu da azken boladan. «Hainbat laguntza murriztu, eta bertze zenbait desagertu egin da; mendekotasunari aurrea hartzeko hainbat programa ere bertan behera gelditu da, eta zerbitzu anitz geldituta dago», nabarmendu du Arboniesek.

Egoera horrek ondorio garbia duela gaineratu du: «Mendeko pertsonen arretan gutxiegi atera du Nafarroak». Halaxe baieztatu du Espainiako Mendekotasunaren Behatokiak: 4,6ko nota jarri dio. Bizkaiak, Arabak eta Gipuzkoak 7,9koa lortu dute ebaluazio horretan.

Mendekotasun handia

Laguntzek behera egin dute. Eta laguntza horiek banatzeko moduan izandako aldaketek ere kalte egin diote mendeko pertsonak artatzeko sistemari, plataformak salatu duenez. Egoera horren adierazgarririk argiena da mendekotasun handia duten pertsonen taldeak nabarmen egin duela behera. «%11,83 murriztu da», erran du Arboniesek. «Nafarroako Gobernuak mendekotasun moderatua duten 2.000 pertsona inguru artatzen ditu, baina, aldi berean, %11,83 murriztu du mendekotasun handia dutenen taldea. Diru gutxiago ordaintzea bertzerik ez du bilatzen», kritikatu du, gogor, plataformako ordezkariak.

Espainiako Gobernuak iragarritako asmoek plataformako kideen kezka areagotu bertzerik ez dute egin. «Ezarri nahi duten bidea da mendekotasun handia dutenei bideratzea laguntzak; hori egiten badute, talde hori gero eta gehiago murrizten ari direla kontuan hartuta, benetako tragediak gertatuko dira etxe anitzetan».

Arboniesek egin du bertzelako salaketarik. «Laguntzak, batez ere, eskaintzen diren zerbitzuei lotuta daude. Ez dago, ordea, mendekotasun guztiak artatzeko zerbitzurik. Nire semeak autismoa du, eta autismoa dutenentzako zentrorik ez dago Nafarroan».

Nafarroako Gobernuak osasunaren esparruan egin nahi duen eredu aldaketak egungo egoera okertu baino ez duela eginen argi du Arboniesek. «Espainiako Gobernuak onartutako murrizketak ezarri, eta bertze hainbat erabakitzen ditu Nafarroak. Egun, jada, mediku eta erizain falta nabarmena dago, eta eredu berriak egoera okertu eginen du». Horrek zuzenean eraginen dio mendeko pertsonen eta haien zaintzaileen bizi-kalitateari, Arboniesek nabarmendu duenez. Horregatik, Nafarroako Gobernuak arduraz jokatu behar duela berretsi du.

Hori eskatzeko, azken bi hilabeteotan bezala, elkarretaratzea eginen du Mendeko Pertsonen Eskubideen Aldeko Plataformak bihar. Nafarroako Gobernuaren aurrean izanen da, Karlos III.a etorbidean, 20:00etatik aurrera. «Gizarte osoari» egin dio parte hartzeko deia plataformak, mendeko pertsonen egoerari buruzko kezkak eta ardurak gizarte osoarenak izan behar dutela argi baitute taldeko kideek. Irailetik aurrera mobilizazioekin jarraitzeko asmoa agertu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.