HEZKUNTZA

Mendez de Vigo: "Errebalidak egin egingo dira"

DBH eta Batxilergo amaierako azterketak egiten aurten dira hastekoak. Batxilergokoak eragina izango du unibertsitatean sartzeko notarako.

Iñigo Mendez de Vigo, Espainiako Hezkuntza ministroa. A. ALVAREZ / EFE
Garikoitz Goikoetxea.
2016ko irailaren 5a
07:34
Entzun

Iritsi da LOMCE hezkuntza erreformaren zutabe nagusietako bat martxan jartzeko garaia: errebalidak. DBH eta Batxilergo amaieran azterketa gainditu beharko dute ikasleek titulua jasotzeko eta ikasketa ibilbidean aurrera jarraitzeko. Aurten, salbuespen gisa, titulua jasoko dute proba gainditzen ez dutenek ere, lehen urtea denez.

Batxilergoko azterketak eragina izango du, hala ere: titulua lortzeko ez da ezinbestekoa izango aurten, baina unibertsitatean sartzeko notan eragingo du, haren araberakoak izango direlako puntuen %40. Orain arte selektibitateak izan duen lekua hartuko luke, beraz.

Nafarroako Gobernuak esana du egin egin beharko duela Batxilergoko azterketa, ikasleak “linbo” batean ez uzteko. Eusko Jaurlaritza ezezkoan da, eta selektibitateari eutsi nahi dio.

Iñigo Mendez de Vigo Espainiako Hezkuntza ministroak ohar egin du: “Egon lasai. Ebaluazioak egin egingo dira, legeak hori dioelako, egutegia LOMCEn dagoelako eta gobernuak dekretua garatu duelako”.

Errebalida horiek eteteko bidea zabaldu zuen PPk eta Ciudadanosek sinatutako akordioak, baina, Mariano Rajoyren inbestidura ezerezean geratuta, itun hori ere ezerezean geratu da. Hortaz, PPk aurrera jarraitu ahalko du LOMCE garatzen, nahiz eta gobernua jardunean egon.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.