Hezkuntza

Mendez de Vigok dio autonomia erkidegoak behartuta daudela LH amaierako proba egitera

Espainiako Hezkuntza ministroak bilera du gaur erkidegoetako ordezkariekin, Lehen Hezkuntza (LH) amaierako etsamina nola egin aztertzeko. Bilerara Jaurlaritzatik inor ez dela joango eta LH amaierako azterketa ez dutela egingo esan du Cristina Uriarte Jaurlaritzako sailburuak. Baina azterketa LOMCEn sartuta dagoela eta egin egin behar dela azpimarratu du Mendez de Vigok: "Espainian legea bete egiten da".

2016ko apirilaren 21a
08:52
Entzun

LOMCEren azterketak indargabetzeko prozesua abiatuta dago Espainiako Diputatuen Kongresuan, baina PPk bereari eusten dio. LOMCE indarrean dagoela azpimarratu du Iñigo Mendez de Vigo jarduneko Hezkuntza ministroak, eta, beraz, LHko 6. mailako azterketa egin egin behar dela nabarmendu du: "Espainian legeak bete egiten dira", esan du Ser irratian egin dioten elkarrizketan.

Cristina Uriarte Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak Euskadi Irratian hitz egin du gaur, eta hark esan du ez dela joango arratsaldean Madrilen egitekoak diren biletara. Azterketa hori ez egiteko asmoari eutsiko dio Jaurlaritzak, Uriarteren arabera, eta, gauzak horrela, bere arabera "ez du zentzurik nola egingo den aztertzeko bilerara joateak".

Uriartek gogora ekarri du "modelo pedagogiko propioa" garatzeko lanean ari dela Jaurlaritza, eta horren araberako azterketa egitea gauza bat dela, eta beste bat Madrildik agintzen den azterketa egitea. Nabarmendu du ez dutela egingo Espainiako Gobernuak agintzen duena, eta, Jaurlaritzak bere azterketa antolatzeak denbora eskatzen duenez, argitu du "aurten behintzat ez" dela aurreikusten.

Nafarroako Foru Gobernuak ere ez du LH amaierako etsamina egiteko asmorik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.