Araba denaren hegoaldeko lurretan egon zen historiaurrean Hoya herrixka —egungo Guardia herritik gertu—, K.a. III. mendean abandonatu zuten arte. Orduko Hoyako gizakiek eta egungo Guardiako biztanleek lotura genetikorik ote duten aztertu du EHUko BIOMICs ikerlari taldeak. Plos One aldizkariak argitaratu du haien lana, eta bertan dago irakurgai.
Historiaurreko giza gorpuzkien DNA eta gaurko arabarrena alderatu dituzte ikerlariek, ama bidezko jarraikortasun genetikorik baden edo ez den zehazteko. Historiaurreko gorpuzkien, 51 guardiarren eta 56 arabarren genomaren haplotipoak konparatu dituzte. Multzo berean transmititzen diren ezaugarri genetikoak dira haplotipoak, eta beraz, zaila da loturarik ez duten bi gizakik haplotipo berak izatea.
Ikerlariek ezin izan dute jarraikortasun genetikoa frogatu, baina ez dute baztertu ama bidezko loturarik badenik, antzeko haplotipo asko aurkitu dituztelako. Ikerlariek ez dute ukatu gizakiek mendetan leku berean iraun izan dutenik.
Historiaurreko ondarea
Brontze Aroaren bukaeratik (K.a. 1200) Burdin Aroaren azken garaira arte (K.a. 250). Hoyako herrixka merkataritza gune garrantzitsua zen historiaurrean, azken hamarkadetan egin diren indusketen arabera. K.a. 250. urtean eraso egin zioten herriari; su eman zieten etxeei, eta eraitsi egin zituzten asko. Hoyatik gertuko muino batera joan ziren erasoan hil ez zituzten gizakiak: egun Guardia (Araba) dagoen lekura.
Historiaurreko gizaki zeltiberiarrek erraustu egiten zituzten hildakoen gorpuak. Hoyaren aurkako erasoaren ostean, gizakiek herria abandonatu zuten, eta giza gorpuzkiak aurkitu ahal izan dituzte arkeologoek. Horri esker erabili ahal izan dute orduko gizakien DNA.