PSE-EEko bederatzi legebiltzarkideek dagokien akta jaso dute gaur goizean, Eusko Legebiltzarrean, eta hedabideen aurrean adierazpenak egin ditu Mendiak, ondoren. Gizarte desberdintasunei aurre egitea izango da, haren hitzetan, alderdi sozialistaren helburu nagusia. "Agenda soziala agenda nazionalaren aurretik jarriko dugu".
Mendiak ziurtatu duenez, gizarte desberdintasunei aurre egiteko aukera gehien duen tokian egongo da PSE-EE. "Sozialistok prest gaude gure helburu, printzipio eta lehentasunak gobernutik defendatzeko. Baina, hori posible ez bada, ez dugu arazorik izango euskal politika oposiziotik baldintzatzeko, azken legealdian egin bezala".
Eusko Jaurlaritzarako zein gobernu aukeraren alde egin erabaki behar du EAJk orain, Mendiaren iritziz. "EAJri dagokio esatea zein gobernu mota nahi duen eta zein helburu politiko lehenetsi nahi dituen". Eta oharra egin dio: "Bide guztiek ez daramate toki berera". PSE-EE "akordio zabaletarako prest" dagoela gaineratu du. Segidan argitu du, ordea, alderdi sozialistak ez duela parte hartuko "herri akordio zabalen izenarekin mozorrotutako proiektu nazionalistetan".
PSE-EEk lan egingo du erabakitze eskubidea "agenda sozialaren gainetik" jarriko duen akordiorik egon ez dadin. "Euskal gizartearen pluraltasunari eraso egin nahi dion proiektu orori aurre egingo diogu, eta ez ditugu terrorismoa, giza eskubideen defentsa edota biktimek behar duten arretaren inguruko gure printzipio etikoak beheratuko".
Abstentzioa baino, hauteskundeak nahiago
Espainiako Estatuko gobernagarritasunaz ere mintzatu da Mendia. Hauteskunde orokorrak hirugarrenez egiteari aukerarik onena deritzo, baldin eta "herritarrekiko hartutako konpromiso politikoari eusteko bide bakarra" hori baldin bada. PSE-EEko presidentearen esanetan, PSOEk ez dio "demokraziari beldurrik" izan behar.
Mendiak berretsi egin du Mariano Rajoy Espainiako Estatuko egungo jarduneko presidentearen kontra bozkatzearen aldeko jarrera, hark beste inbestidura ahalegin bat egiten badu. Jarrera horri eutsiko dio PSOEren hurrengo Batzorde Federalean. Bilkurak "eztabaida gardena" izateko balio izatea espero du, eta abstentzioaren aldekoen "argudioak entzun" nahi dituela gaineratu du. Ez du ziurtzat jo PSOEk azkenean PPri gobernua osatzeko bidea erraztuko dionik.