12:30ean hasita, bilduta egon dira EAJko eta PSE-EEko ordezkariak Sabin Etxean: EBBko buru Andoni Ortuzar eta Iñigo Urkullu lehendakarigaia jeltzaleen aldetik, eta Idoia Mendia PSEko idazkari nagusia eta Miguel Angel Morales antolakuntza idazkari, sozialisten ordezkari. Bilkura amaitutakoan, zuhur hitz egin nahi izan du Mendiak, eta ez du gauza askorik zehaztu: "Txosten bat pasatu digute. Euren lehentasunak agertzen dira hor, eta geratu gara erantzungo dugula txosten hori irakurri eta aztertu ondoren". Dena den, PSEko idazkari nagusiak esan du prest daudela "herriari egonkortasuna" emateko, eta hori borondate hori helarazi dietela jeltzaleei. EAJk bilera guztiak bukatu ondoren egingo du balorazoia; bihar dauka azkena, PPrekin.
Goizean Arabako PSEeko idazkari nagusi Cristina Gonzalezek nabarmendu du aukera guztiak irekita daudela oraindik: akordioren bat lortzea, ala ez; eta PSE gobernuan sartzea, ala ez. Lehen baino zailago izango dute horretarako bi alderdiek, Bizkaiko azken legebiltzarkidea EH Bilduren esku geratu ondoren, EAJk eta PSEk ez baitute gehiengo osorik. 38 legebiltzarkideko langara heltzeko, PSEren eta PPren babesa beharko luke Urkulluren taldeak. Elkarrekin Podemosen edo EH Bilduren babesa bilatzea da beste aukera bat.
Atzo Alderdi Eguna ospatu zuen EAJk, eta balizko akordioei buruz ere hitz egin zuen han Ortuzarrek. Bozetako emaitzek “aukera bikaina” utzi dute, haren esanetan, “Euskadi krisi ekonomikotik ateratzeko, indarkeriaren orrialde behin betiko ixteko eta autogobernuan jauzi erraldoia emateko”. Aukera horiek guztiak “legealdi honetan gauzatzea” da jeltzaleen xedea, Ortuzarren hitzetan. Bide horretan, EAJ “denekin hitz egiteko prest” dagoela azaldu zuen EBBko buruak, “bereziki, aurrera egin nahi dutenekin, Euskadi nazioa dela uste duten guztiekin, nazio bezala aitortua izan behar duela sinesten duten guztiekin. 2020ko Euskadik ez du betorik onartuko eta ez du taburik izango. Erabil dezagun demokrazia. Demokrazia eta erabakia”.
Behin betiko emaitzak
Bestalde, gaur baieztatu dituzte ofizialki Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetako emaitzak, taldeek jarritako helegite guztiak aztertu ondoren. Ostiralean jakitera eman zen moduan, 28 legebiltzarkide izango ditu EAJk azkenean, eta 18 EH Bilduk, Bizkaiko azken aulkia koalizio subiranistaren esku geratu ondoren. Horra behin betiko emaitzak: EAJk 398.168 boto eta 28 legebiltzarkide; EH Bilduk 225.172 boto eta 18 legebiltzarkide; Elkarrekin Podemosek 157.334 boto eta 11 legebiltzarkide; PSE-EEk 126.420 boto eta 9 legebiltzarkide; eta PPk 107.771 boto eta 9 legebiltzarkide.
Bizkaiko Hauteskunde Batzordea Bermeoko mahai bateko inpugnazioa aztertzen ari da oraindik, baina ez du eraginik izango eserlekuen banaketan.