Gazume, Kolometa, Arkamu, Iturrieta eta Alda-Arlabako Gurutzeta ez dira leku ezezagunak mendizale eta naturazaleentzat. Erakundeek eurek leku horien natur balio handia aitortu dute. Kolometa Gorbeiako natur parkearen barruan dago, eta Alda-Arlaba Izkiko natur parkean. Iturrieta etorkizunean natur parke izenda dezakete, eta Entziako mendi lerroan dago; eta Gazume eta Arkamu Natura 2000 sarean Europako interes komunitarioko gune izendatuta daude. Alabaina, ez dirudi hori traba izango denik naturgune horiek industrializatzeko. Izan ere, bost parke eoliko handi jartzeko baimena eman baitu Jaurlaritzak: 224 haize errota, eta 26 kilometroko mendi luzera hartuko dituztenak. Izan ere, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ekoizten den energiaren %12 iturri berriztagarrietatik lortu nahi du Jaurlaritzak, plan eolikoarekin. Ondokoak dira proiektuak, eta kokatu nahi dituzten lekuen ezaugarriak.
Arkamu (Araba)
Jaurlaritzaren plan eolikoak planteatzen duen parke eolikorik handiena da. 65 haize errota jartzea aurreikusten dute, 7,8 kilometroko luzeran. Proiektuaren kostua 38,6 milioi eurokoa litzateke, eta 42,9 megawatteko (MW) potentzia lortu nahi dute parkearekin.
Arkamu-Gibijo-Arrastaria Europako interes komunitarioko gune izendatuta dago, Natura 2000 sarean. Edertasun handiko lekua da, eta mendizaleak asko erakartzen ditu. Urduñako portutik (Bizkaia) eta Kuartangoko haranetik iristsi ahal da bertara. Arabako mendebaldean kokatuta dago, Burgosko mugan (Espainia). Artederrez eta txilardiz beteriko gunea da, eta Atlantikoko eta Mediterraneoko klimen artean nahastutako paisaiak aurki daitezke bertan. Pagadi eta pinudi oso aberatsak ditu, eta fauna ugaria: Alpeetako uhandreak, basakatuak, lepahoriak, oreinak, orkatzak... Hegaztiak ere ugari daude: belatz handiak, arrano beltzak, sai arreak...
Alda-Arlaba (Araba)
34 haize errota aurreikusten ditu Eusko Jaurlaritzaren plan eolikoak Alda-Arlaban. 4,8 kilometroko luzeran, 22,4 MWeko potentzia izango luke parke eolikoak martxan hasterakoan. 20,2 milioi euroko aurrekontua izango luke egitasmoak.
Izkiko natur parkearen barruan kokatua, hegaztientzako babes bereziko gune (ZEPA) izendatua dago Natura 2000 sarean. Izkiko natur parkea Arabako ekialdean dago. Europako ameztirik handiena dauka, Izki ibaiaren ertzean. Baso handi horietan basurdeak,orkatzak, basakatuak eta beste ugaztun ugari daude. Arkaitz eta pagadi ugarik osatzen dute paisaia, eta abere ugari egoten dira-ia urte osoan- bertako larre zabaletan. Oinarri geologiko askotarikoa duenez, paisai oso bereziak osatzen dira. Iturri ugari daude, Arabako landaredi berezienetakoak sortzen dituztenak.
Iturrieta (Araba)
Iturrietako mendietako lautadan 46 haize errota paratzea aurreikusten du Jaurlaritzaren planak. 5,9 kilometroko luzeran, 30,4 MWeko potentzia lortu nahi lukete instalazio horien bidez. 27,3 milioi euroko aurrekontua izango luke proiektu honek.
Iturrietako mendiak Entziako mendilerroaren barruan daude, interes komunitarioko gune izendatua. Entzia Nafarroako Urbasaren mendebaleko berezko jarraipena da. Iparraldera eta hegoaldera amildegi handiak ditu, Arabako lautadara eta Aranako bailarara. Pagadiek eta abereez beteriko lautadek osatzen dute Entziako paisaia, herritar ugarik mendiaz gozatzeko, bizikletaz ibiltzeko, paseatzeko, eta atseden hartzeko sarritan erabili ohi dutena. Artzain usadioko parajeen oroigarri historiko moduan, monumentu megalitiko ugari topatu ahal dira: zutarriak, trikuharriak, harrespilak... Bertan aurki daitezkeen animalien artean buztangorri argiak, aztoreak, zapelatz listorjaleak, basakatuak, ipurtatsak eta lepahoriak daude, besteak beste.
Kolometa (Bizkaia)
62 haize errota aurreikusten dituzte Kolometako gailurrean. Guztira, 5,9 kilometroko luzera hartuko luke industriaguneak, eta 36,9 milioi euroko kostua izango luke. Parkeak 40,9 MWeko potentzia izango luke.
Kolometa Gorbeiako natur parkearen barruan dago. Natur parkea izateaz gain, interes komunitarioko gune izendatuta dago Europako Natura 2000 sarean. Araba eta Bizkaia artean kokatua, naturazaleek eta mendizaleek estimatutako eta maiz bisitatutako natur ingurunea da Gorbeia. Baso, zelai eta kareharriek osatutako paisai itzelak ditu natur parkeak. Animalietan ere oso espezie ugari ditu, eta horien artean azken urteotan arrakasta handiz sartu den oreina.
Gazume (Gipuzkoa)
Gipuzkoan egin nahi duten parke eoliko bakarrak 17 haize errota izango ditu, 1,7 kilometroko luzeran. 11,2 MWeko potentzia izango du parkeak, eta 10,1 milioi euroko aurrekontua.
Gazume oso mendi garrantzitsua da Gipuzkoako mendizale eta naturazaleentzat. Ernioren ondoan kokatua, harkaitz eta basoz inguratutako mendia da. Hegaztiek babesa aurkitu dute paraje lasai horietan, eta bertan bizi dira beste leku batzuetan aurkitzea oso zailak diren belatz handiak eta mirotz urdinak, besteak beste. Milaka lagun pasatzen dira urtero mendi honen inguruko bazterretatik, Iturriotz, Zelatun eta Andazarratetik, esate baterako. Ernio-Gazume interes komunitarioko gunea da.
Mendia eta industria
Beste bost parke eoliko egiteko baimena eman zuen Jaurlaritzak iazko udan. Euskal Herriko erakunde ekologista ugarik proiektuak eteteko eskatu dute, naturgune babestuetan egin nahi dituztelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu