Laborantzak indar handia izan du urteetan Baxenabarren, Lapurdin eta Zuberoan. Eta beheranzko joera izan arren, oraindik ere sektore garrantzitsua da lurraldean —zenbait eskualdetan langile aktiboen %50 baino gehiago osatzen dute nekazariek—. Haren egoeraren inguruko ikerketa gutxi egin izan dira, ordea, orain arte: zein hazkuntza mota den nagusi, zenbat etxalde galdu diren, non egin diren aitzinamenduak, zein diren laborarien ezaugarriak... Euskal Herriko Laborantza Ganberak (EHLG) errealitate hori zertan den marrazteko gakoak eskaini ditu argitaratu berri dituen bi liburutan, eta hainbat arlotako ondorioak atera ditu. Batetik, Ipar Euskal Herri osoko datuak eman ditu, eta, bertzetik, mendiko eskualdeei dagozkien berezitasunak zehaztu. Horietan atzeman dituzte iraunkortasunaren inguruko ardatzak, gerora landu beharrekoak.
«Dokumentu horiek euskal mendiaren eta Iparraldearen nortasun agiriaren pieza bat dira», azaldu zuen Mixel Berhokoirigoin EHLGko lehendakariak. Hain zuzen, osatutako irudi horren lehenbiziko zertzeladak eman zituzten atzo Ainhize-Monjolosen (Baxenabarre), nekazaritzari buruz egindako ikerketa zabala aurkezterakoan. Sortutako materiala laborari, elkarte eta interesa duen orori zabalduko dietela adierazi zuten, eta dokumentuaren garrantziaz ohartarazi: «Errealitateaz ohartuz eta bilakaerak neurtuz, ekintza plan estrategikoki eraginkorrenak finkatzen ahalko dira».
Oro har, Ipar Euskal Herriko nekazaritzaren egoera hain txarra ez dela ondorioztatu dute argitaratutako ikerketan. Haatik, aldaketak egiteko beharra dagoela nabarmendu, eta horretarako ere eman dituzte gakoak, Berhokoirigoinek azaldu duenez: «Analisia eta neurri proposamenak dauzka dokumentuak, eta garrantzizko hainbat elementurekin aberastua izanen da». Denbora joan ahala liburuak berrituko dituztela zehaztu du, nahiz eta zailtasunak izan zenbait arlotan, adibidez, langileen irabazietan: «Datuak usu eguneratuak izanen dira, bat-bateko argazkia bezain garrantzitsua baita egoeraren bilakaera». Hona hemen egindako ikerketaren ildo nagusiak:
ETXALDE HANDIAGOAK
Galeraren iturri
Baxenabarre, Lapurdi eta Zuberoan orotara 4.454 etxalde daude gaur egun, 2010eko datuen arabera. Horietatik 3.206 mendian daude, hots, baserri guzien %72. Ez da kopuru urria, baina azken hamar urteetan galerak jasan ditu bai mendian eta bai lurralde osoan. Hain zuzen, bost etxaldetik bat galdu da. Zehazki, 2000. urtean, 5.939 etxalde zeuden Ipar Euskal Herrian; mendian, 4.048 zeuden. Horrek %25eko galera dakar lurralde osoan (1.500 baserri gutxiago), eta %21ekoa mendian (850 etxalde gutxiago). Hortaz, aldea badago lurralde osoaren eta eskualde batzuen artean.
Laborantza Ganberak zenbait faktore aurkeztu ditu galera hori azaltzeko. Alde batetik, etxalde txikiak gero eta gutxiago dira: Ipar Euskal Herrian, erraterako, %36ko beherakada izan dute. Eta horri lotuta dator baserrien galera orokorra ere. Hain zuzen, etxaldeak gero eta handiagoak izan, orduan eta gutxiago daude orotara, baita lanpostuak ere.
Badago Ipar Euskal Herri osoaren eta mendiaren artean dagoen ezberdintasuna azaltzen duen gako bat: mendian lur eremu txikiagoa erabiltzen du baserri batek menditik kanpo baino. Hain justu, hala erakusten du erabilgarria den lurra, lanaldi osoak eta etxalde kopurua elkarri lotzen dizkieten kalkuluek: mendian 20,5 hektarea erabiltzen dira lanaldi osoko postu bakoitzeko, eta menditik kanpo, 23,5. Kalkulatu dutenez, mendian ere lanpostu bakoitzeko 23,5 hektarea erabiliko balira, 500 laborari gutxiago egonen lirateke. Eta, beraz, etxalde gutxiago.
Kopuruetatik haratago, etxalde txiki anitz izateak badu bertze alde onik: ugari izateak elkar laguntzaren sistemak hobetzen ditu, eta mendian bertzelako dinamika eta jarduera ekonomikoak garatzen errazagoa da.
LABORANTZARAKO LURRAK
Gehiago mendian
Etxaldeak bezala, laborantzarako erabilgarriak diren lurrak ere galdu egin dira azken hamar urteotan Baxenabarren, Lapurdin eta Zuberoan. Batetik, lur gehiago artifizializatu dituzte; hau da, eraikuntzarako bideratu dira gehienbat, dela etxebizitza, azpiegitura edo bertzelakoetarako. Fenomeno hori kostaldean gertatu da, bereziki. Bestetik, etxaldeak handituz joan ahala, lantzeko zailak diren lur eremuak alde batera utzi eta zikindu egin dira. EHLGk ohartarazi duenez, elikaduraren aldetik emankortasun txikiagoko lurrak izanik ere, horiek ere lagundu behar dira, ingurumen eta paisaiaren aldetik ezinbestekoak direlako.
Lurraldeka lur galerak ezberdinak dira —Lapurdin galdu da laborantzarako erabilgarri den lur gehien—, baina herri batetik bertzera ere bada aldea. Baxenabarre eta Zuberoan, erraterako, %11 eta %25 arteko galera erakusten dute herri batzuek, eta , aldiz, irabazi pixka bat ondoan diren bertze zenbaitek. Erabilerari dagokionez, belarra da gehien dagoena, batik bat mendian: %85etik gora ia eremu osoan —animaliak bazkatzeko erabiltzen da—. Halere, bertzelakoek ere badute lekua: artoa, adibidez, nagusi da menditik kanpo: lurren %56raino.
BEHI ETA ARDI HAZKUNTZA
Talde handiak, kalterako
Kabalen hazkuntzari dagokionez, ezberdintasuna handia da mendiaren eta gainontzeko lurraldearen artean. Hain zuzen, landareak ere barne harturik, hazkuntza guzien %63 ardiena edota ahuntzena da mendian, %15 haragitarako behiena eta %5 esnetarakoena. Menditik kanpo, ardi eta ahuntzak %22 bertzerik ez dira, haragitarako behiak %20 eta esnetarakoak %8. Ardiak nagusi dira mendian, beraz, eta, gainera, ehunekoa handitu da azken hamar urteetan. Kopuru txikiagoan izanik ere, mendi eremuan behiak dituzte etxalde gehienek—bereziki haragitarako, eta bigarren mailako ekoizpen gisa—.
Lurralde banaketaz gain, kabala talde bakoitzean zenbat buru dauden zenbatu du EHLGk, eta joera garrantzitsua erakutsi du horrek: animalia taldeak gero eta handiagoak izan, orduan eta etxalde gutxiago dago. Lotura zuzena du errealitatearekin, handituz baitoaz taldeak, eta gutxituz baserriak. Ardi esnedunen kasua argia da, erraterako: animalien kopuru orokorra ez da ia aldatu, baina etxaldeen kopurua %20 murriztu da, eta artalde bakoitzeko batez bertzeko buru kopurua %20 emendatu.
Europatik etorritako diru laguntzek eragin zuzena dute, EHLGk azaldu duenez, taldeen handitzean. Hain zuzen, Nekazaritza Politika Bateratuak (NPB) buru kopuruaren arabera ematen du laguntza , eta horrek espezializazioa handitzea dakar. Kasurako, haragitarako behien kasuan, etxaldeen %40k hamar behi baino gutxiago ditu. Alta, horri dagokion laguntza lortzeko hamar behi izan beharko ditu baserri batek gutxienez, hemendik landa.
AKTIBOEN EZAUGARRIAK
Jabe aski gazteak
40 eta 60 urte artean dituzte gaur egungo etxalde jabe gehienek Baxenabarre, Lapurdi eta Zuberoan, eta azken hamar urteetako bilakaerak honakoa erakusten du: 40 urtetik beherakoak gutxiago dira, baina 60 urtetik gorakoak ere bai. Nolanahi ere, gazteen kopurua handiagoa da mendian eremu horretatik kanpo baino: %25 eta %20 hurrenez hurren. Alderantziz, zaharrenen ehunekoa txikiagoa da mendialdean hortik at baino: %14 eta %22. Hortaz, mendian laborantza gazteagoa da.
Gizonezkoak dira nagusi baserri jabeen artean —%70 dira—, eta %21ek laborantzaz gain bertze lanbide bat ere badute. Etxaldeen egiturari dagokionez, familia baserriak dira ia gehienak, nahiz eta pixkanaka gutxituz doazen. Kopurua biziki azkarra da mendian: %95 dira familia etxaldeak. Gehienak, gainera, pertsona bakarrarenak dira. Halere, gero eta gehiago dira kolektiboan antolaturikoak ere.