Mendiak gaurkotik espero duena da ezker abertzaleak ETAri geratzeko eskatzea

Euskaldunakoa «mozorrotze ekitaldia» izan daitekeela esan du Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak

Erredakzioa
2010eko ekainaren 20a
00:00
Entzun
Gaur ezker abertzaleak eta Eusko Alkartasunak Euskaldunan egingo duten ekitaldiak bazterrak nahasi ditu ezer gertatzerako. Eta Jaurlaritzatik eta alderdi batzuetatik ezker abertzalearekiko eskaerak baino ez dituzte egin, gaurko dokumentua bera ezagutzerako. Horren isla dira Jaurlaritzako eledun Idoia Mendiak edo Eusko Legebiltzarreko presidente Arantza Kirogak esandakoak. Mendiak ezker abertzaleari eskatu dio ETAri exijitzeko indarkeria behin betiko eten dezan, «gainerakoan, Euskaldunako ekitaldia, mozorrotze ekitaldia baino ez da izango». Kirogak, bestalde, «ETAren indarkeriaren historia guztia gaitzets dezan» eskatu dio ezker abertzaleari.

Aterpe'36 elkarteak urtero egin ohi duen ekitaldian hartu zuen hitza Jaurlaritzako bozeramaileak. Ezker abertzaleari eskatu zion «argi hitz egiteko», eta ETAri indarkeria behin betiko eteteko eska diezaiola, eta «demokraziara sartzeko» behar dituen urratsak egin ditzala. «Ildo horretan egin ditzakeen urratsak ongi etorriak izango dira; bestela, mozorrotze bat gehiago izango da». Gaur Bilboko Euskalduna jauregian egingo den ekitalditik hori baino ez dutela espero esan zuen Mendiak.

Jose Antonio Pastor PSE-EEren Eusko Legebiltzarreko eledunak, berriz, uste du «agerraldi bat gehiago» izango dela gaurkoa, «nazionalismo erradikalarena eta Batasunaren ingurunearena, baina, kasu honetan, EAren babesarekin». Eszeptiko agertu zen gaurko ekitaldiarekin. «Saiatuko dira iradokitzen esaten dutena, baina esan gabe, irudi faltsua sortzeko».

Pastorrek esan zuen ezker abertzaleak argi eskatu behar diola ETAri desagertzeko, gaitzetsi egin behar duela, eta bide politiko hutsen aldeko apustua egin behar dutela, eta hori esateko ez dela ekitaldi handirik behar gaineratu zuen. Modu horretako adierazpen bat egiteko ezker abertzaleko buruzagien adierazpen publikoa nahikoa dela gaineratu zuen, eta Euskaldunakoa, «suzirien espektakulua baino ez da izango», PSEren eledunak esan zuenez.

Arantza Kiroga Eusko Legebiltzarreko presidenteak ere ezker abertzalearentzako hitzak baino ez zituen izan. «ETAren indarkeriaren historia guztia gaitzetsi behar dute, demokratek sinets diezaiegun nahi badute».

«ETAri zuzendua»

Joseba Egibar EAJren Legebiltzarreko eledunak, bestalde, uste du Euskaldunako ekitaldia ETAri zuzendutako ekitaldia dela. Ezker abertzaleak bide politiko hutsen aldeko apustua egin duela ziur da Egibar. Erabaki hori alde bakarrekoa izan dela uste du. «Ezker abertzalearen erabaki hori ETArentzat loteslea izanik, ETAk bide hori onartu duen edo ez da arazoa. Ondorioa argia da: ETAk ez badu bide hori onartzen, ezker abertzalearen disidentea izango da, baina ez da izango ezker abertzalearen motorra». Ondorio hori atera du Egibarrek, etaorain «ekintzak» falta direla esan zuen. Testuinguru horretan kokatu du gaurko ekitaldia. Ezker abertzaleak bide politiko eta demokratiko hutsen alde egindako alde bakarreko apustu horrek atzera bueltarik ez duela berresteko ekitaldia dela uste du gaurkoa. Eta, batez ere, hartzaile bat du, haren ustez: ETA.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.