Espainiako Gorteetarako hauteskundeak

Mendian, kirolean eta lagunen eta senideen artean, gaurko prestatzeko

Hauteskunde kanpaina amaituta, egun bateko atsedena hartu zuten atzo alderdietako hautagaiek

Erredakzioa
2011ko azaroaren 20a
00:00
Entzun
Hamabost egunean herririk herri boto eske ibili ostean, jai hartu zuten atzo Espainiako Gorteetarako hauteskundeetara aurkeztu diren hautagaiek. Behartutako jaia, gogoeta eguna baitzen, baina gogoz hartutakoa ere bai ia denek, gaur eguna eta gaua luzea izango dela gogoan hartuta.

Luzea izango da gaurkoa denentzat; gozoa batzuentzat, eta gazia gainontzekoentzat. Gaurko prestatzeko egiteko desberdinak hartu zituzten alderdi eta koalizioetako zerrendaburuek.

Eguna igarotzeko nork bere lehentasunak bazituen ere, denek gauza bera ere egin zuten: familiarekin eta lagunekin egon. Hamabost egunez alor pertsonala alboratua edukita, ingurukoekin partekatu zuten larunbataren zati handi bat.

Goizean mendira jo zutenak hauek izan ziren: Amaiurreko Iñaki Antiguedad eta Sabino Cuadra, EAJko Josu Erkoreka eta Arantxa Tapia eta PSNko Javier Moscoso. Korrika egin zutenak: PSE-EEko Ramon Jauregi eta UPN-PPko Carlos Salvador. Igerian aritu zirenak: Sabino Cuadra (mendira joan aurretik) eta Ezkerrako Pablo Archel. Lanean jardun zutenak: Amaiurreko Maite Aristegi, baratzeko lanei heldu behar izan baitzien, eta Antiguedad, unibertsitateko «zenbait lan atzeratu» gainbegiratu behar izan baitzituen menditik txanpinoiak bilduta itzuli eta lagunekin trago bat hartu eta bazkalondoko siestaren ondoren.

Lasai paseatzeko tartea hartu zutenak ere izan ziren: Jose Eugenio Azpiroz PPkoak Donostian zeharkaldi «lasai eta luzea» egin zuen. Irungo Oiasso museora joan zen, berriz, Odon Elorza sozialista, eta etxekoekin eta etxeko lanak egiten ibili ziren Geroa Baiko Uxue Barkos eta Yolanda Vicente sozialista.

Ingurukoekin mahaian

Ezin zen bestela izan, zerrendaburu ia denak mahaiaren bueltan bildu ziren senideekin edo lagunekin, edo senideekin eta lagunekin, oturuntzen inguruan, asteburu berezia ospatzeko eta askok bi astez egin dituzten ezohiko otorduak ahazteko. Eta ez ziren gutxi izan eguerdian familiakoekin eta ilunabarrean lagunekin mahaia partekatu zutenak.

Kalean, berriz, hauteskunde giro gutxi, gogoeta egunari dagokion legez. Astelehenetik aurrera desagertzen hasiko diren hauteskunde propagandako kartelek baino ez zuten salatu gaur boz eguna dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.