Hegaztien gripea

Mendillorrin hilda aurkitutako ahatea ez zen H5N1 birusak jota hil

Madrilgo Algeteko laborategian, Espainiako Estatuan hegazti gripea aztertzeko erreferentziako laborategian aztertu dituzten Nafarroako, Errioxako eta Madrilgo hildako hegaztiek ez zuten H5N1 hegaztien gripearen birusa. Elena Salgado Espainiako Gobernuko Osasun eta Kontsumorako ministroak eman du gaur azterketen emaitzen berri.

2006ko otsailaren 21a
16:03
Entzun
"Orain arte 511 analisi egin dira Algeteko laborategian eta guztiek emaitza negatiboak eman dituzte; baita Nafarroa, Errioxa eta Madrilgo hiru hegazti susmagarrien analisiek ere", azaldu du Salgadok. Beraz, Salgadok azaldu duenez, oraindik ez da H5N1 birusa duen hegaztirik topatu.

Animaliei eragiten dien krisia da; Europan ez da gizakien osasunari eragiten dion arazoa. Horixe izan da Osasun Ministerioan hegaztien gripearen jarraipena egiten duen batzordeak ateratako ondorio nagusia. Salgadok azaldu duenez, batzorde berezi hau hiru hilabetean behin bilduko da Osasunerako Mundu Erakundeak (OME) horrela gomendatzen duelako. Helburua hegaztien gripearen izurrite posible bat saihestea izango da.

Une honetan, batzordeak azaldu duenez, Espainian ez dute aurkitu H5N1 burusak jotako hegaztirik eta Europan gizakietan ez da hegaztien gripearen infekzioarik topatu. Beraz, ez dituzte neurri bereziak hartuko eta orain arte bezala prebentzioari emango zaio garrantzia. Besteak beste, Turkiara edo Iranera bidaiatu behar duten pertsonei zuzendutako protokoloek jarraituko dute martxan. Bi herrialde horietan, H5N1 birusak jota hil diren gizakien kasuak baieztatu dituzte. Infekzioak izan ditzaketen bidaiariak bakartzeko protokolo bereziak ere iragarri dituzte, hegazkin eta aireportuetan.

Azterketa, badaezpada

Larunbatean Iruñeko Mendillorri auzoan hilda aurkitutako ahatea atzo goizean bidali zuten Madrilgo Algeteko laborategira, Espainiako Estatuan hegazti gripea aztertzeko erreferentziako laborategira. Nafarroako Gobernuko iturriek agertu zutenez, ahate hori ez zen migrazioan etorritakoa, eta, ondorioz, hegazti gripea edukitzeko aukera txikia zuen. Horregatik ez ei zuten atzo arte bidali laborategira.

Nolanahi ere, ahatea hilda aurkitu eta segituan hegazti gripeari aurre egiteko protokoloa jarri zutela martxan nabarmendu zuen Nafarroako Gobernuak, duela urtebete protokolo hori onartu zenetik etxaldeetako hegaztiekin zenbait alditan egin duten bezala. Protokoloa aplikatu arren, orain arte hegazti griperik ez dutela inoiz atzeman nabarmendu zuten iturri horiek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak