Paueko (Frantzia) suhiltzaileek baieztatu dutenez, 38 urteko mendizale bat amildu eta hil egin da gaur arratsaldeko lehen orduan Hiru Erregeen Mahaian (Nafarroa).
Harekin batera zihoan mendizale batek 16:48an Nafarroako larrialdi zerbitzuei telefonoz deitu die azaltzeko elur izoztua zuten gune batetik igarotzen ari zirenean laguna labaindu eta erori egin dela amildegian behera. Gaineratu du lagunari deika zebilela baina hark ez ziola erantzuten.
Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez, berehala Foruzaingoaren Ingurumen arloko patruila bat eta Guardia Zibilaren helikoptero bat joan dira istripua gertatu den ingurura. Era berean, mendizaleak mugaren bestaldeko larrialdi zerbitzuei ere deitu die, eta Paueko suhiltzaileek mendizalearen hilotza topatu dute 17:59an.
18:15ean Guardia Zibilaren helikopteroak Erronkarira eraman du gorpua, eta handik Auzitegi Medikuntzako Nafarroako Erakundera eraman dute.