Txindoki mendian (Gipuzkoa) 23 urteko mendizale bat hil da gaur eguerdian, erorikoa izanda. Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak 12:30 pasatxo zirela jaso du herritar baten deia; jakinarazi du tontorraren inguruan pertsona bat jausi dela amildegira. Larrialdi zerbitzuak heldu direnerako hila zen. Beasaingoa (Gipuzkoa) zen.
Laino itxia zen ordutsu horretan Txindokin, eta Ertzaintzaren helikopteroak ezin izan du istripu lekura iritsi. Hala, Guardia Zibilari eman diote abisu, Nafarroa aldetik ahalegina egiteko. Hark lortu du amildegira iristea, 14:30 aldera. Ordurako hilda zegoen gizona.
Gorpua Iruñera eraman dute helikopteroan, eta handik Donostiara dute eramatekoa, autopsia egitera. Hildakoak 23 urte dituela eta gizonezkoa dela baieztatu du Ertzaintzak; hasieran zabaldu da 33 urte zituela.