Istripuak
Mendizale bizkaitar bat larri zauritu da Lakartxelan
Mendizale bizkaitar batek istripu larria izan zuen joan den larunbatean Lakartxela mendian (Nafarroa), Belagua ondoan. Nolanahi ere, Guardia Zibileko Mendi Erreskateko Taldeko kideen laguntza jaso zuen, eta SOS Nafarroako helikoptero batean, Iruñera, Nafarroako Ospitalera eraman zuten. Garezurrean eta aurpegian traumatismo handia du.
Atxondoko (Bizkaia) 23 urteko Anatz B.L. da larunbatean Lakartxelan mendian istripua izan zuen mendizalea. Hain zuzen ere, larunbat eguerdiko hamabiak eta laurden aldera jaso zuten Nafarroako Gobernuko larrialdi zerbitzuetan istripuaren berria, eta zerbitzu hori Guardia Zibileko Mendi Erreskateko Taldeekin jarri zen harremanetan. Guardia Zibileko talde horretako kideek istripua izan zuen lekuan bertan eman zizkioten aurreneko zaintzak, eta, gero, ohatilan jaitsi zuten SOS Nafarroako helikopteroa irits zitekeen paraje bat arte. Iruñera, Nafarroako Ospitalera eraman zuten hurrena, eta garezurreko eta aurpegiko traumatismo larria diagnostikatu zioten han.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu