HEZKUNTZA

Mendozak "atzeratu" egin du unibertsitateetako beken aldaketa nagusietako bat

NUPen izena eman gabe zuzenean Opusera doazen ikasleak beketatik kanpo uztea erabaki zuen gobernuak, baina, oposizioaren kritikak ikusirik, atzera egin du kontseilariak.

Jose Luis Mendoza Hezkuntza kontseilaria. JAGOBA MANTEROLA, ARP
Garikoitz Goikoetxea.
2016ko azaroaren 10a
08:03
Entzun

Hartua eta ofizial egina zuen erabaki bat atzeratu egin du Nafarroako Hezkuntza Departamentuak, oposizioaren kritikak ikusirik. Unibertsitateko beka deialdia izan da oraingoan. Joan den astean argitaratu zuten deialdia aldizkari ofizialean, eta berritasunak zekartzan. Batetik, bekaren zenbatekoa kalkulatzeko moduan: pribatuko ikasleentzat, erreferentzia unibertsitate publikoko prezioa izango da aurrerantzean, ez pribatukoa. Bestetik, izen ematea: unibertsitate pribatuan beka jasotzeko, ezinbestekoa izatea aurretik unibertsitate publikoan izena emanda egotea eta han onartu gabe geratzea —notagatik edo karrera hori ez dagoelako—.

Oposizioak gogor hartu du Hezkuntza kontseilaria parlamentuan; “partida hasi ondoren aldatu dituzu joko arauak”, aurpegiratu diote. Ohartarazi dute ikasturtea hasi eta bi hilabetera argitaratu duela gobernuak beken deialdia, eta beka jasoko zutela uste duten familia batzuk hori gabe geratzea dakarrela aldaketak.

Atzera egin du Jose Luis Mendozak. Azaldu du unibertsitate publikoan izena ematearen baldintza urtebetez “atzeratzea” erabaki duela. “Matrikulak egitean, aurreko urteetako deialdiak izan dituzte kontuan ikasleek, eta, horregatik, puntu horren aplikazioa atzeratu egingo dugu”. Neurriak ikasle gutxiri eragingo diela azaldu du.

UPNk, PSNk eta PPk eskatu zioten neurri hori hartzeko. Mendozaren dimisioa eskatu du UPNk: “Hau gaizki kudeatu duzu. Alde egin ezazu: mesedea egingo diozu gobernuari”.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.