Inflazioa %2,3ra iritsi zen iragan hilean Hego Euskal Herrian, eta ia bi urte pasa (2004ko martxora atzera egin beharra dago) urte arteko Kontsumo Prezioen Indizea hain behean ikusteko. Espainiako estatistika erakundeak KPIren indizea kalkulatzeko sistema aldatu eta merkealdiaren eragina sartu zuenetik 2002an, geroztik urtarrileko joera orokorra izan da prezioek behera egitea. Aurten ere ez da salbuespenik egon. Askori urtarrila maldan gora egingo zitzaion arren, beraz, kontsumo prezioek %0,6 behera egin zuten.
Merkealdiaren eragina berriro nabarmendu egin da. Izan ere, arropa eta oinetakoen atala, batez beste %12 merkatu da Euskal Herrian eta horrek eragin du prezioen jaitsiera islatzea datu orokorrean. Adierazgarria da, bestalde, urtarrilean edari alkoholdunak eta tabakoa %5 inguru garestitu izana, eta etxebizitza, berriz, %2 inguru. Kontuan hartu behar da INEk etxebizitzaren atalean ez duela merkatuko salmenta prezioak neurtzen, alokairuenak eta argindar zein gas tarifenak baizik.
INEk aurten berriro sistema aldatu du. Orain indizean 484 produktu eta zerbitzukalkulatzetik 491 neurtzera pasatu da. Tartean daude, txekoreta arkume haragia; elikagai dietetikoak;haurrentzako jana; eta homeopatia, fisioterapeuta, kirurgia estetikoa eta miopia osasun zerbitzuak.
Nahiz eta KPIren datua azken hiru urteetako txikiena izan, eurogunekoarekin alderatuta oraindik %0,4 gainetik dago Hego Euskal Herriko datua. Hain zuzen ere, hori nabarmendu dute ELA eta CCOO sindikatuek. ELAren arabera, prezioen goranzko bilakaeraren zergati nagusia enpresen mozkinen gorakada da. Sindikatuak gaitzetsi egin ditu, hortaz, soldatak neurriz igotzearen aldeko mezu eta aholkuak. CCOOk, berriz, nabarmendu du Europarekin dagoen alde horrek beste herrialdeekin lehiatzeko lasta bat dela.
Merkealdiarengatik prezioak %0,6 jaitsi dira urtarrilean Hego Euskal Herrian
Oraindik ere eurogunekoak baino %0,4 handiagoak direla salatu dute sindikatuek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu