Udalbiltzaren jardunaren gainean, udaletxeak egitura bakar batean saretuta gauza asko egin daitezkeela uste du Aizpuruak. "Gure asmoa ez da gauza handiekin hastea". Udazkenerako plangintza bat egiteko asmoa dutela iragarri du. "Euskal Herria desegituratuta" dagoela iritzi dio, eta diagnostiko sozioekonomiko bat egingo dute; hortik aurrera erabakiak hartuko dituzte eragileekin batera.
Aizpuruak nabarmendu du zinegotzi independente asko batu direla Udalbiltzara, "aniztasuna bermatuta" dagoela. Horrela, alderdi guztien ordezkaritza beharrezkotzat jo du. "Udalbiltzaren bokazioa da EAJkoak diren zinegotziak ere erakartzea". Haren ustetan, EAJko "asko eta asko" gustura arituko lirateke ekimen horretan. "Denborak esango du, baina bidean aurkituko gara", gaineratu du.
Aberri Eguna ere izan du hizpide Aizpuruak. Udalbiltzak 2000. urteko adierazpena hartu du aurtengo: "Nazio bat garela aldarrikatu genuen orduan, eta horri heldu diogu aurten ere", esan du. Aberri Egunak herritar guztien eguna izan behar duela uste du, "sigletatik at" geratu behar duela, "bateratutako sentimenduak azalarazteko eguna" delako.
ETAren agiriaren gainean esan du "blokeo egoeran" dagoela prozesua, eta adierazi du batez ere Espainiako Gobernuaren jarrerarengatik dela. "Zailtasunak daudela bagenekien; dena dela, zailtasunak gainditu egin behar dira".