Euskal komunikabideen aurkako erasoak

Mertxe Aizpurua: "Itsasoak barreia dezala herri honi bere komunikabideak sortzeko eta defendatzeko dagokion eskubidearen oihua"

Adierazpen askatasunaren eta pentsamendu librearen defentsa sutsua egin dute gaur arratsaldean Donostian egin den giza-katean. 'Egin' egunkariak Gizarte Segurantzari zor dizkion bost milioi euroak 'Gara'-k ordaindu behar dituela zabaldu zen orain aste batzuk, eta 'Gara'-ko arduradunek ez dutela ordainduko adierazi zuten. Egunkari horren defentsan eta informazio eskubidearen defentsan bildu dira gaur milaka eta milaka lagun.

2003ko uztailaren 19a
20:09
Entzun
Iñigo Muguruza Sagarroi taldeko abeslariak eman die hasiera gaur arratsaldean Donostian 'Gara' egunkariaren eta adierazpen askatasunaren aldeko giza-katearen aurreko ekitaldiei. Haizearen Orrazian bildu den jende andanak euskal musikarien abestiak entzun ahal izan dituzte jai giroan.

Pilt, Gari, Txapelpunk, Alaitz eta Jean Lou, Idi Bihotz, Txuma Murugarren eta Xabier eta Kristina Solanoren kantak ere entzungai izan dira.

Idazleak berriz Pasealeku berrian Oteizak egindako eskulturan bildu dira.

Xabier Izaga, Tere Irastorza, Iban Zaldua eta Urtzi Urrutikoetxea izan dira 'Gara' egunkariaren aldeko testuak irakurri dituztenak. Haien ondoren, Gari Berasaluzek, Kirmen Uribek, Edu Zelaietak, Pako Aristik, Gotzon Barandiaranek, Asier Sarasolak, Aitzol Ezeizak eta Gorka Etxeberriak hartu dute hitza.

Arratsaldeko seiretan abiatu dira bi zutabeak. Lehena Haizearen Orrazitik abiatu da, aurrean "Gara" zioen pankarta bat zuela, eta Urgull mendiaren magaletik atera da bestea, "Denok" jartzen zuen pankarta aurrean hartuta. Lehenengo zutabe horretan zihoazen besteak beste, Mertxe Aizpurua 'Gara' egunkariko zuzendaria, EHKEko kontseilari Gorka Altuna eta egunkari horretako langileak.

Arratsaldeko zazpiak hamar gutxitan bat egin dute bi zutabeek

Bi zutabeak Kontxako badian dagoen La Perla eraikinera hurbiltzen hasi dira. Giro bikainean bat egin dute, eta hantxe bertan osatu dute "Denok Gara" zioen esaldia. Jende bildu eta bildu ari zen inguruetan. Batetik, Zuzen Ekintza taldeko kideak Antiguako zubitik zintzilikatu dira, presoen senideei ere omenaldi txiki bat egin zaie, eta esatari aritu da ibilbide osoan parte hartzaileei animoak ematen.

Txalapartaren doinuak entzun ondoren, Kirmen Uribe idazleak ipuin bat kontatu du, "mundu honetan espresiobide guztiak beharrezkoak direla esanez". Haren atzetik Iñaki Berazategi kazetariak hartu du hitza, eta demokraziaren izenean egiten ari diren barrabaskeri guztiak ekarri ditu gogora. Azkenik, Mertxe Aizpurua 'Gara' egunkariko zuzendariak Donostiara hurbildutako guztiei eskerrak eman ondoren, idatzi bat irakurri du: "Informazio askatasuna, pentsamendu librea eta Euskal Herriaren ikuspegitik egindako lanaren defentsari zor diogun konpromisoarekin lanean egunero jarraituko dugu", azaldu du Aizpuruak.

"Txillidaren Orrazia eta Oteizaren hutsunea lekuko gisa hartua, itsasoak barreiatu dezala herri honi komunikabideak sortzeko eta defendatzeko eskubidearen oihua" eskatu du 'Gara'-ko zuzendariak. Lau irrintzilarik eman diote amaiera ekitaldi jendetsuari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.