Hemen oso ondo bizi gara, baina oso gaizki hil». Duintasunez Hiltzeko Eskubidea elkarteko Iñaki Olaizolak Maria Angeles Duran soziologoaren hitz horiek erabili ohi ditu heriotza duina eta zaintza aringarriak arautzeko beharra defendatzeko. Espainiako Gobernuak orain aste batzuk iragarri zuen martxoan aurkeztuko duela horiek arautzeko lege proposamena. Betiere, garbi utzita ez dela izango eutanasia arautzeko lege bat. Alor horretan lanean ari diren osasun profesionalentzat eta adituentzat egokia da egitasmoa, gaixoen autonomia areagotu eta osasun profesionalen babesa handituko baitu. Heriotza duina defendatzen duten elkarteentzat, egindako urratsa «egokia» da, baina ez «nahikoa». Iragarpena hauteskunde kutsukoa dela uste dute, eta lagundutako suizidioa zigorgabetzeko beharra defendatzen dute. Hori alde batera utzita, denak bat datoz: «Ezinbestekoa» da zaintza aringarriak erabiltzea heriotza duina bermatzeko. «Horiek erabiliz, ez zaio gaixoari mesede egiten; berariazkoa izan beharko lukeen eskubide bat baizik ez da», dio Wilson Astudillo medikuak. EAEko Zaintza Aringarrien eta Mugarik Gabeko Zaintza Aringarriak elkarteko presidentea da.
Hego Euskal Herrian zaintza aringarriak eta heriotza duina ez daude oraindik legez araututa. Dena den, horren premia agerian utzi duen ekimenik izan da. Urrian, esaterako, Nafarroako Parlamentuak heriotza duina arautzeko legez besteko proposamena onartu zuen. NaBaik aurkeztu zuen, eta alderdi guztiek sostengatu zuten, UPNk izan ezik. Proposamenak jasotzen duenez, ezinbestekoa da eriak ahalik eta gutxien sufrituz hiltzea, baita haien erabakiak errespetatzea ere. Ipar Euskal Herrian, berriz, legez araututa daude bizitzaren azken ordukoak.
«Bazen garaia». Espainiako Gobernuak heriotza duina eta zaintza aringarriak arautzeko urratsa egin duela eta, pozik dago Olaizola: «2002an eskatu zen horren inguruko azterketa bat, eta ikusi zen sendagileen %70 horren alde zeudela. Beharrezkoa ikusten zuten zaintza aringarriak egokiago arautzea. Gaixoen aldetik, zer esanik ez. Izan ere, jende askok heriotzari baino gehiago, gaizki hiltzeari dio beldurra: bakarrik hiltzeari, sufritzeari, senideentzat zama izateari… Aspalditik zegoen eskaera sozial bat da arautze hori». Dena den, Olaizolak gogora ekarri du PSOEk atzean utzi dituela hasieran zituen asmoak: «2004ko hauteskunde programan eutanasia arautzeko aukera aipatu zuen. 2008ko programan, ordea, proposamen hori kendu egin zuten. Egokia da proposatzen duten arautzea. Baina, esan bezala, muga asko jaitsi da, eta hori ere esan behar da».
EHUko ikertzaile eta Donostiako Ospitaleko batzorde etikoko idazkari Antonio Casadoren arabera, 2002an onartutako Gaixoaren Autonomiaren Legeak hasitako bidea jarraituko du lege honek. Lege horren oinarrizko printzipioen artean dago gaixoak askatasuna izatea eskaintzen zaizkion bide klinikoen artean aukeratzeko; baita, nahi izanez gero, medikuari azalpenik eman gabe tratamendu bat hartzeari uko egiteko ere. Hori bai, idatziz jaso beharko da ezezko hori. Osasun profesionalei, berriz, gaixoei informazio egoki eta zehatza emateko agintzen die legeak: «Lege hori guztiz egokia da bioetikaren ikuspegitik, nahiz eta oraindik gure osasun sisteman ez den guztiz praktikan jarri». Ados dago horrekin Astudillo, eta gogorarazi du azken egunetan onartu dela 2010-2013 bitarteko Espainiako Zaintza Aringarrien Estrategia. «Bertan jada ikusten da zaintza aringarrien erabilera zabaltzeko asmoa. Izan ere, zaintza horiek erabiltzeko aukera ematen da, besteren artean, onkologikoak ez diren gaixotasun kronikoetan. Estrategiak, gainera, gaixoaren autonomia, osasun profesionalen prestakuntza eta ikerketa bultzatu nahi ditu zaintza aringarrien alorrean. Legea bide horretatik badoa, oso ona izango da».
Xedeak eta printzipioak
Legeak jaso beharko lukeena, beraz, ez dela berria dio Astudillok, baizik eta gaixoak dituen eskubide batzuk aplikatzea heriotza prozesuan. Olaizolak honela azaldu du legeak izan behar duen helburua: «Gaixoari hiltzen lagundu behar dio, nahi duen modu eta giroan. Izan ere, heriotza bizitzaren parte da, eta bizitzaren gainerako alorretan bezala, erabakitzeko eskubidea izan behar dugu haren inguruan ere». Dena den, horren inguruan ñabardura txiki bat egin nahi izan du Casadok: «Gauza bat da legea, eta bestea eguneroko harreman asistentzialak, erietxeetako ohiturak, azpiegiturak… Osasun sistema oso konplexua da, eta botere harremanez josita dago. Gainera, legea betearazteko heziketa lan itzela egin behar dugu osasungintzan. Zenbat eta gehiago jabetu gaixo gisa ditugun eskubide horiez, orduan eta hobeto aplikatuko da legea».
Olaizolaren eta Astudilloren ustez, legeak argi utzi behar du ezer baino lehen zer diren zaintza aringarriak. Astudillok hala definitzen ditu: «Neurri mediko-sozialak dira, eta sendabiderik ez duen gaixotasun bat oso garatua duten erien ongizatea eta bizi-kalitatea hobetzeko erabiltzen dira. Azken batean, egoera horretan dauden gaixoen behar fisikoei, emozionalei, sozialei eta espiritualei erantzuten saiatzen dira. Gaixoaren gertukoei ere asko laguntzen diete, bai gaixotasunean, bai ondorengo dolu prozesuan». Legea oso eri dauden pertsonei aplikatuko zaiela kontuan hartuta, Olaizolaren arabera, argi azaldu behar du zer den eritasun larri bat. «Nahiz eta gaixotasun larririk ez izan, tetraplegiko batek ba al du eskubiderik lege honek aitortuko dituen eskubideak egikaritzeko? Izan al dezake halako pertsona batek zaintza aringarriak aplikatu eta lasaigarrien bidez hiltzeko laguntza? Lege honen balioa, neurri handi batean, halako galderei ematen zaien erantzunaren araberakoa izango da». Esparru horretan, legeak «ikuspegi zabala» izan behar duela defendatu du. «Gure ustez, larri egotea ez da soilik oso gaixo egotea, baita sufritzea eta bizitzeko gogorik ez izatea ere. Azken batean, hiltzeko gogoa izatea».
Casadoren arabera, ez da egokia egoera desberdinetan dauden eriak zaku berean sartzea. «Lege honen xedeak osasun ikuspegitik larriak eta zailak diren egoerak konpontzea izan beharko luke. Hortik kanpo badira egoera zailak eta larriak jendearentzat, baina egora horiek konplexuagoak dira, eta beste modu batean konpondu beharko lirateke: zigor kodea egokituz, beharbada».
Legea egingo zutela iragarri zuenean, Espainiako presidenteorde Alfredo Perez Rubalcabak adierazi zuen, gaixoen eta senideen eskubideak ez ezik, osasun profesionalenak ere arautu, bermatu eta babestu nahi zituztela. Orain arte osasun profesionalek izan duten «babes falta» nabarmendu dute hiru adituek. «Profesionalek presio izugarria pairatzen dutela esango nuke. Gaixoen, legearen eta politikarien artean daude harrapatuta, eta egonezin handia dago haien artean», azaldu du Casadok. Astudilloren irudiko, zaintza aringarriak eta heriotza duina araututa egoteak «babes handiagoa» emango die. Gainera, azken urteetan alor horretan egin den lana nabarmendu nahi izan du: «Protokolo ugari egin dira, eta horrek babes handia eman digu. Gainera, gero eta gehiagok egiten dute bizi testamentua, eta hori ere oso garrantzitsua da. Dena den, gure jardun klinikorako babesik handiena erabakiak eriarekin eta familiarekin adostuta hartzea da».
Baina zer gertatzen da osasun profesionalen nahiz gaixoaren edo senideen artean iritzi kontrajarriak daudenean? Olaizolak garbi du gaixoaren nahia errespetatu behar dela. Kasu batzuetan, ordea, gaixoak ezin du bere nahia azaldu, oso larri dagoelako. Hori dela eta, hirurek aldez aurreko borondate eta zaintzen dokumentua egitea aholkatzen dute. «Bertan, halako egoeretan daudenean zer-nolako arreta eta tratamendua jaso nahi duten adierazten dute pertsonek. Hori errespetatu behar denez, iritzi kontrajarri horiek saihestuko dira».
Horrekin batera, batzorde etikoak daude. «Jende askok ez ditu ezagutzen, baina erietxe guztietan daude. Halako gatazka etikoen inguruan irtenbideak ematen ditugu, baita protokoloak egin ere. Adibidez, hala egin genuen lasaigarri aringarriaren gaiarekin: nola egin, zertarako egin… Heziketa programak ere antolatzen ditugu. Horrek ziurtasuna ematen die bai osasun profesionalei bai gaixoei nahiz haien senideei ere», azaldu du Casadok. Donostiako Ospitaleko batzordeko kidea da Casado. Halako zalantzak sortzen direla aitortu du: «Asko, gainera, ez baita erraza erabakiak hartzea, eta egonezina handia da halakoetan». Hala, inplikatuta dauden pertsonen iritziak jaso, eta deliberazioa egiten du aditu talde batek. «Erabakiak hartzeko orduan printzipio nagusia gaixoaren autonomia errespetatzea da».
Eutanasia hizpide
Espainiako Gobernuak agindutako legearen xedea ez da eutanasia arautzea, baina lege honen iragarpenak berriro ere mahai gainean jarri du eutanasia legeztatzearen gaineko eztabaida. Casadori «toxikoa» iruditzen zaio eutanasia hitzaren erabilera. «Gaizki ulertuz beterik dago, eta nahiago dut arinegi ez erabili. Izan ere, batzuetan eutanasiaz hitz egiten dugu, baina, berez, guztiz legala eta zilegi den beste gauza batez ari gara: ahalegin terapeutikoa murrizteaz, zaintza aringarriez….». Gainera, arautzeko beharra ikusten duen arren, ez du uste lagundutako suizidioa eta eutanasia arautzeko tenorea iritsi denik. «Aurretik beste gauza batzuk behar dira: kultura bioetiko handiagoa, eztabaida publiko eta pribatua bultzatzea gaiaren inguruan…». Astudillok ere aurreragoko lanak ikusten ditu. «Eri batek behin eta berriz adierazten badu hiltzeko nahia, aztertu beharko dena da ematen zaion tratamendua egokia den, depresioa ote duen… Halako kasuek bakarkako azterketa eta terapia bat eskatzen dute, eta ez lege baten aplikazio orokorra. Izan ere, hori arriskutsua izan daiteke. Beraz, zaintza aringarriak behar bezala arautu eta sustatuz gero, ez dut horretarako beharra ikusten eutanasia arautzeko». Olaizolak argi du, ordea, eutanasia arautu eta legeztatu egin behar dela: «Norbaitek hil nahi badu, ez du zertan oso gaixorik egon behar duen borondatea errespetatzeko. Hori printzipio demokratiko bat dela iruditzen zaigu. Izan ere, inork ezin zaitu bizitzera behartu, nahi ez baduzu».
Osasuna. Zaintza aringarriak eta heriotza duina
Mesede ez ezik, eskubide ere bai
Espainiako Gobernuak zaintza aringarriak eta heriotza duina arautuko dituen legea iragarri du. Askoren ustez, aspalditik dagoen behar sozial bat da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu