CCOO eta UGT sindikatuek diote patronalarekin egin berri duten itun sektorialak "2.500 langileren eskubideak bermatuko dituela". CCOOren arabera, "akordio ona da, erosteko ahalmena bermatzen dielako langileei". 2016tik 2018rako indarraldia izango du itunak, hiru urtekoa, eta ultraaktibitatea bi urtekoa izango da, lan erreformak finkatzen duena baino urtebete gehiago soilik. Alegia, 2020ko abenduaren 31 baino lehen berrituko ez balitz, metalgintzaren merkataritzako itun sektoriala erori egingo litzakete Nafarroan. Beste urtebete luzatzeko aukera ere egongo litzateke, ordea, negoziazio mahaiak horrela adostuko balu.
2017an %2ko soldata igoera islatzen du akordioak; 2018an, berriz, KPIa igotzen dena igoko dira soldatak, ez gehiago, eta, beraz, sektoreko langileek ez dute erosteko ahalmenik irabaziko. Urte horretan bermatua duten gauza bakarra da %1 izango dela igoera, gutxienez. Horrek badu bere ifrentzua, ordea, inflazioa %2tik gora igotzen bada ere gehienezko igoera %2 izango delako. Hau da, erosteko ahalmena galtzeko aukera zabalik uzten duen ituna da.
Horrez gain, lanaldia bere horretan uzten du akordioak, 1.746 ordutan. 2017ko inflazioa %2,1 eta %2,5 artekoa balitz, lanaldi hori lau ordu txikiagoa litzateke 2018rako, eta zortzi ordu txikiagoa %2,5etik gorako inflazioa balego. KPIa erreferentzia gisa erabili dute itunean, baina eragin gutxirekin; izan ere, 2017an %2 izango da soldata igoera, inflazioa alde batera utzita, eta 2018an %1 eta %2 arteakoa izango da, KPIa hortik behera edo gora geratzen bada ere.
Nafarroako UGTk eta CCOOk ordezkaritzaren gehiengoa daukate sektorean, eta ituna eragin orokorrekoa izango da. "Sektoreko ituna bermatzea zen gure helburua, eta bete dugu", esan du Ruben Belzunegi CCOOko zerbitzuen federazioko buruak. Sektorea oso atomizatua dagoela azaldu du, 250 enpresa inguru daudela, gehienak txikiak, eta 2.500 langile daudela itunpean.