Metroko langileek hitzak baino gehiago eskatu diote Oleagari

Zuzendari berriak esan du akordio bat lortzeko bidean direla, langileek auzia konpontzeko gogoa erakutsi diotela

Langileek elkarretaratzea egin zuten atzo, Bilboko Metroaren egoitzaren aurrean. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Erredakzioa
Bilbo
2011ko abenduaren 29a
00:00
Entzun
«Hitzak ez dira nahikoa. Aurrerapausoak eman behar ditu metroko zuzendaritzak». Rafa Valencia langileen batzordeko presidentea Txema Oleaga Bilboko Metroko presidenteari mintzatu zitzaion atzo, langileek metroaren egoitzaren aurrean egin zuten elkarretaratzean. Oleagaren ustez, azken hilabeteetan Bilboko Metroan sortu den gatazkaren konponbidea gertu dago. Langileen ordezkari Valenciak gogorarazi du lehengo zuzendariak ere «hitz onak» erabiltzen zituela, baina gatazka ez dela konpondu. Auzia konpontzeko Oleagak jarri duen hilabeteko epea «gehiegizkoa» dela uste dute langileek. Ekintzak iritsi bitartean, urtarrilaren 5, 12, 19 eta 26rako iragarritako lanuzte deialdiek aurrera segitzen dute.

Oleaga baikorrago agertu da sindikatuekin izan dituen harremanen ondoren. Ia sindikatu guztiekin hitz egin du Bilboko Metroko presidenteak, eta akordiora iristeko bidean direla esan du: «Gatazka konpontzeko gogoz daude langileak ere. Jende zintzoa da, eta metroa zer den ondo dakite». Sindikatuek argi erakutsi diote lan gatazka soila dela metrokoa, eta politikarik ez dagoela tartean. Administrazio kontseilua gaur goizean bilduko da. Oleagak bertan aurkeztuko ditu karguan denetik jaso dituen iritziak. Bileraren ondoren, prentsaurreko bat emango dute Oleagak berak eta Iñaki Prego metroko kontseilari ordezkariak.

Gaur egingo duten bileran erabakiko dute langileen 2011ko soldatak izozteko neurriak hartuko dituzten ere. Plazaratu berri den txosten baten arabera, langileen soldatak %4,5 igo direnez aurten, langile bakoitzak 1.500 euro itzuli beharko ditu. Langileen ustez, ez da kasualitatea txostena orain ateratzea, eta ez dio mesederik egiten metroko lan gatazkari. Oleagak, ordea, adierazi du soldatak izozteak ez duela zerikusirik metroko lan gatazkarekin: «Horiek ez dira gure erabakiak. Europaren eta [Espainiako] gobernu zentralaren neurriak dira».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.