Ipar Euskal Herriko elkargoa

Metropoli polo bat sortzea proposatu dute elkargo bakarraren kontrako auzapezek

Gaur egungo herri elkargo gehienak mantenduta, horiek elkartuko lituzke. Miarritze, Angelu, Bokale eta Bidarteko auzapezak daude proposamen alternatiboaren gibelean. Ez dute erabaki CDCI batzordean aurkeztuko duten ala ez.

jarraia119252.jpg
maddi ane txoperena iribarren
2016ko otsailaren 3a
07:28
Entzun

Behin eta berriro mehatxua botatzen ibili ondoren, egin dute azkenean proposamena: Ipar Euskal Herriko 158 herriak elkartuko lituzkeen elkargo bakar bat sortu ordez, metropoli polo arindu bat (MPA) eratu nahiko lukete hainbat auzapezek. Egitura federala litzateke hori; ez integratua. Hain zuzen, gaur egungo hamar herri elkargoetatik gehienak mantenduko lituzkete —Bidaxune eta Iholdikoa salbu, horiek legez desagertuko baitira—, eta horien arteko elkarlana sustatzeko gainetik legoke metropoli poloa.

Miarritze, Angelu, Bokale, Bidarte, Itsasu, Ziburu (Lapurdi), Irulegi, Mehaine, Bidaxune eta Landibarreko (Baxenabarre) auzapezek aurkeztu dute proposamena, Itsasun. Azaldu dutenez, elkargo bakarra baino sinpleagoa litzateke: elkargo kontseiluan 60 kide leudeke 232ren ordez, eta bulegoan, berriz, hamabost eta hogei hautetsi artean, 60 izan beharrean. Fiskalitateak sor litzakeen arazoei ere eginen lioke aurre: ez lirateke zergak bateratu behar.

Proposamena zehazten duen txostena herriko etxe guziei bidaliko diete, eta heldu den otsailaren 9an hautetsiekin bilkura bat eginen dute proposamen "alternatiboa" aurkezteko. Pirinio Atlantikoetako CDCI batzordean aurkeztuko ote duten ez dute argitu, bestalde —berez egitura horretan aurkeztu behar dira kontraproposamenak—. Auzapezen iritziz, "indar politikoek menperatzen" dute CDCI batzordea.

"Tarteko urratsa"

Elkargo bakarraren izen bera jarri diote metropoli polo arinduari ere: Ipar Euskal Herriko elkargoa. Bestalde, azaldu dute hori ez litzatekeela instituzio integratuago batera iristeko "tarteko urrats" bat baino. Azken helburua zein litzatekeen ez dute zehaztu, halere: "Ez du zertan Helep bat izan". Lurralde kolektibitatearen antzeko zerbait izan daitekeela iradoki dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.