Castillo Suarezen poesia bildumari, Juan Luis Zabalaren kultur gogoetei, politikari buruzko Enekoitz Esnaolaren lerroei eta, funtsean, BERRIAko blogen komunitateari beste bi kide batu zaizkie azken asteetan: Mexiko Hiritik, datorrena datorrela eta Argi eta garbi.
"Gauzak datozen bezala hartu behar direla esaten da. Datorrena datorrela, aurrera. Eta bizitzak berak ekarri nau Mexiko Hiri erora bolada luze baterako. Orain zer? Hemen ere, toki guztietan bezala, datorrenari aurre egin beharko zaio, eta gauzak datozen bezala bizi eta kontatuko ditut", dio Susaetak blogaren aurkezpenean. Ameriketara joan eta bizitakoak blogean jasotzearen esperientzia ez da berria harentzat, New Yorkeko kontuak idatzi baitzituen 2011n New Yorketik, datorrena datorrela blogean.
Energia berriztagarri eta merkatu elektrikoaren alorrean esperientzia sakona duen taldea bildu da, berriz, Argi eta Garbi blogean. Haziz doa energiaren inguruko interesa, eta horri helduko diote Olatz Azurzak, Alex Lopezek, Santi Ochoa de Eribek eta Erika Martinezek.