LURRALDE EGITURAKETA

Miarritzek hirigune elkargo bakarraren aurka bozkatu du; Hazparnek, Muskildik eta Mugerrek, aldiz, alde

Miarritzeko Herriko Etxeko 35 hautetsietatik 22k egin dute proiektuaren aurka, eta hamahiruk alde. Aho batez onartu dute Hazparnekoak, Muskildikoak eta Mugerrekoak.

Miarritzeko Herriko Etxeko bilkura. ISABELLE MIQUELESTORENA
2016ko apirilaren 7a
07:15
Entzun

Egitasmoari ezezkoa ematen dion laugarren udalerria da Miarritze, eta bertako 24.993 bizanleak hirigune elkargo bakarraren aurkakoen multzoari batu zaizkie; 32.000 dira ezezkoak guztira. Baiezkoak, ordea, hogei udalerri dira, eta Hazparneko, Muskildiko eta Mugerreko herriko etxeek baiezkoa eman ostean, 120.000 bat herritar ordezkatzen dituzte. 147.967 lortu behar ditu proiektuak.

Michel Veunac auzapezak hirigune elkargo bakarraren aurka bozkatu du, eta hura izan da hitza hartzen lehena. Azaldu du Ipar Euskal Herriaren ezagupenari "hertsiki atxikia" dela, baina uste du proiektua "aldarrikapen bati ematen zaion erantzun teknokrata" dela: "Gobernantza kasik ezinezkoa izanen da, herritarrek administraziotik urrunduko ditu".

Elkargo bakarra Lurralde Elkargoarekin alderatu du Veunacek behin baino gehiagotan: "Estatuaren ezezkoa gordetzeko maniobra da".

Miarritzez, Mugerrez eta Hazparnez gain, gaur hartu dute hirigune elkargo bakarrari buruzko erabakia Irisarrik eta Muskildik.

Hurrengo bozketak

Datorren astean bozketa gehiago izango dira; hirigune elkargo bakarraren inguruan erabakiko dute Lehuntzek eta Makeak astelehenean, Aiziritzek, Azkaratek eta Baigorrik asteartean, Arberatzek, Donapaleuk eta Bastidak asteazkenean eta Behaskanek ostegunean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.