Migrazioa

Migratzaileak lurraldeen diru sarreren eta biztanleriaren arabera banatzea proposatu du Jaurlaritzak

Eusko Jaurlaritzak Share egitasmoa aurkeztuko du Europan, migratzaileak Europako Batasuneko herrialdeetan banatzeko. Espainiako Gobernuari, berriz, lan-agenda aurkeztuko dio; eta EAEn Migraziorako Euskal Itun Soziala bultzatuko du.

Eusko Jaurlaritzako ordezkariak gaurko agerraldian. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
2018ko irailaren 19a
07:23
Entzun

Lehendakaritzan (Gasteiz) eginiko gosari informatibo batean, Eusko Jaurlaritzak migratzaileak Europan eta Espainian banatzeko proposamena egin du. Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak eta Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren Idazkaritzak elkarlanean eginiko proposamenak dira. Lide Amilibia Gizarte Politiketako sailburuordeak azaldu duenez, migrazio erronka berriei erantzun integral bat emateko dokumentua da, "maila guztietan" banatzen dena.

Jaurlaritzak Share proposamena aurkeztuko du Europako Eskualdeen Batzordean, urriaren 9 eta 10ean, Bruselan. Migratzaileen banaketa EBko herrialdeetan "modu zuzenean" egin ahal izateko, Jaurlaritzak diru sarreren, biztanleriaren, eta langabezia tasaren araberako irizpideak proposatuko ditu. "Share proposamenaren formulazioa hiru pertsona taldetan aplikatu daiteke modu transbertsalean: errefuxiatuak, erregularizatu gabe dauden migratzaileak eta bakarrik dauden adingabe atzerritarrak".

Proposamena EBko estatuetan, autonomia erkidego eta eskualdeetan, eta udalerri zein eskualdeetan aplikatuko litzatekeela nabarmendu du Jonan Fernandez Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzarako idazkari nagusiak. Fernandezek nabarmendu du, proposamena irekia dela, eta beraz, irizpideak aldagarriak direla.

Espainiako Gobernuari ere proposamen zehatzak egingo dizkiote, errefuxiatu eta asilo eskatzaileen, erregularizatu gabe dauden migratzaileen, eta bakarrik dauden adingabe eta gazte atzerritarren egoerei erantzun azkarra eman ahal izateko.

EAEn, berriz, Migraziorako Euskal Itun Soziala bultzatzea du helburu Jaurlaritzak: "Demokratak biltzea du helburu itunak, elkartasunean eta erantzukizunean oinarritutako harrera eta integrazio pedagogia baten alde".

Hala, konpromisoak hartuko dituzte, erregularizatutako immigrazioa sustatzeko, errefuxiatuei erantzun egokia emateko, migratzaileen etorrera erregulatu gabeari harrera egiteko, eta migratzaileei harrera egin zein integratzeko. Esaterako, bakarrik dauden atzerritar gazteentzat lankidetza programak aurkeztuko ditu, bi urteko formakuntza saioek osatuta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.