Migratzaileak

Migratzaileentzako baliabideak eskatu dituzte Donostian

Donostiako Harrera Sareak herritarren babesa eta instituzioen parte hartzea galdegin ditu.

jarraia155548.jpg
2018ko abuztuaren 13a
07:27
Entzun

Donostia, harrera hiria? Instituzioentzat ez! lelopean eskatu dituzte migratzaileentzako baliabide gehiago, Donostiako udaletxe atzean egindako elkarretaratzean. Instituzioek erantzutea exijitu dute Harrera Sareak, Antiguako Txantxarreka gaztetxeak eta migratzaileek, irakurritako ohar batean: "Instituzioak dira, udala, diputazioa eta Eusko Jaurlaritza, larrialdi egoera honi berehalako irtenbide bat eman behar diotenak".

Izan ere, salatu dute ez direla nahikoak orain arte instituzioek jarritako baliabideak. Antiguako Txantxarreka gaztetxea ari da, besteak beste, hutsune horiek betetzen. Jakinarazi dute gaur gauean hamahiru pertsonak egin dutela lo han, baina azaldu dute espazio horiek ez daudela "halakoetarako prest", eta "beste irtenbide bat" behar dela. Era berean, salatu dute Gurutze Gorriak migratzaileei eskaintzen dien ostatutik 08:00etan alde egin behar dutela, eta egun osoa "kalean" pasatu behar dutela. Oraingoz, Harrera Sareak lokal bat eskaintzen die, eguna igarotzeko.

Herritarrei "elkartasuna" galdegin diete, eta dei egin dute "sarearen ekimenak babesteko" eta "instituzioen parte hartzea eskatzeko". "Inor ez da ilegala" eta "ongi etorri, errefuxiatuak" oihuekin bukatu dute elkarretaratzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.