Segundo Mareyren bahiketan parte hartu zuela adierazi du gaur Miguel Planchuelok, Espainiako poliziaburu izandakoak, Auzitegi Nazionalean, eta jakinarazi du Espainiako Gobernuak bahiketa egiteko oniritzia eman zuela. PSOE zegoen orduan gobernuan, Felipe Gonzalez zela presidentea.
1983ko abenduaren izan zen bahiketa, eta bere gain hartu zuen Askapenerako Talde Antiterroristek (GAL). Marey ustez ETAko kide batekin nahastu zuten, eta hamar egunera utzi zuten libre, Espainia iparraldean. Planchuelori bederatzi urte eta erdiko kartzela zigorra jarri zioten.
Gaur ez dira horregatik epaitzen ari. GALen aurkako herri ekintza taldeak hiru atentatu agintzea leporatzen dio hari, eta 114 urteko espetxe zigorra eskatu du. Auzitegietan GALek argitzeke duen auzi bakarra da. Fiskalak dio ezin dela ezer frogatu. Jose Barrionuevo Espainiako Barne ministro ohiak eta Rafael Vera Segurtasuan Estatu idazkari ohiak lekuko gisa deklaratuko dute.
Planchuelok esan du berak ez duela atentatu haiekin zerikusirik —”prentsaren bitartez izan nuen atentatuen berri”—. "Nik Mareyren bahiketan baino ez nuen parte hartu. Urte haietan kaos handia zegoen; hildako bat gaur, beste bat bihar...". Orduan ETAk Alberto Martín Barrios armadako Farmazia kapitaina bahitu zuela azaldu du poliziaburu ohiak, eta Mareyrena eginez Martin Barrios salbatu nahi izan zutela. "Ez zen posible izan". ETAk hil egin zuen militarra.
Akusazioaren arabera, Planchuelok hiru mertzenario portugaldar kontratatu zituen 1986an; Donibane Lohizuneko Batzoki eta Consolation tabernetako bezeroak tirokatzea agindu zien GALen izenean, eta armak eman zizkien. Bi atentatutan guztira zortzi pertsona zauritu zituzten tiroka. Interpol hiru mertzenarioen bila dabil, horiek ere lekuko gisa deklaratu behar dutelako: Paolo Figueiredo Fontes, Rogelio Fernando Carvalho da Silva eta Jorge Fernando Cisteneros Ferreira. Portugalgo indar berezietako kide ohiak ziren atentatuak gertatu zirenean.
Planchuelok esan du ez dituela ezagutzen hiru mertzenario portugaldarrak, eta Jose Amedo Espainiako poliziaren bidez ez ziela dirurik eman. Amedo eta hiru mertzenarioak bere garaian zigortu egin zituzten atentatu haiengatik.
Amedo
Amedok bere deklarazioan esan du GAL abiatzea erabaki erabat politikoa izan zela, eta Felipe Gonzalez Espainiako orduko presidenteak erabaki zuela, eta Ricardo Garcia Danborenea, Jose Maria Benegas eta Ramon Jauregi PSEko orduko buruek bazekitela. Jauregi gaur egun Espainiako Presidentetza ministroa da.