gizartea

Miguel Sanzek dio Jaurlaritzak Nafarroako ikastolei emandako "laguntza zuzenak bukatu" direla

"Lankidetza egon daiteke, hitzarmen instituzionalak, baina Nafarroako ikastetxeen finantzazioaren eskumena Nafarroako Gobernuarena da", esan du. Lopez eta biak uztailaren 3an batzartu zirenean, Jaurlaritzako lehendakariak zioen ez zutela gai horretaz hitz egin.

2009ko uztailaren 20a
15:49
Entzun
Uztailaren 3an Iruñean Miguel Sanz Nafarroako Gobernuko lehendakaria eta Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzakoa batzartu zirenean, Jaurlaritzak Nafarroako ikastolei diru laguntzak ematen jarraituko ote duen galdetuta, Lopezek erantzun zuen ez zutela horri buruz hitz egin. "Ez gara harago joan, ez zaigulako komeni orain gai horretaz hitz egitea", zioen.

Gaur joan da 'harago' Sanz, eta EAEko gobernuak aurrerantzean Nafarroako ikastolei diru laguntza "zuzenik" ez diela emango jakinarazi du El Pais eskaini dion elkarrizketan.

-Galdera. Bukatuko al dira Eusko Jaurlaritzak Nafarroako ikastolei emandako laguntza zuzenak?

-Sanzen erantzuna. Bai, bukatuko dira. Lankidetza egon daiteke, hitzarmen instituzionalak, baina Nafarroako ikastetxeen finantzazioaren eskumena Nafarroako Gobernuarena da.

Lopezek eta biek elkarlanerako protokoloa sinatu zuten uztailaren 3ko batzarrean. 1996an egin zuten Nafarroako eta Jaurlaritzako garaiko lehendakariek euren arteko azkeneko bilera, eta Lopezek eta Sanzek adierazi zuten "aro berri baten hasiera" dela oraingoa. Nafarroako lehendakariaren irudiko, orain bi gobernuek Espainiako Autonomien Estatuan sinesten dute eta, bi lurraldeetako errealitate politiko guztiekiko errespetuan oinarriturik, "normal-normal" bildu ziren Iruñean.

Elkarlanerako protokoloaren ondorioz "organo komun egonkorrik" ez dutela sortuko hitz eman du aipatutako elkarrizketan Sanzek. "Beti egon naiz kontra eta beti egongo naiz kontra. Bi erkidego desberdin gara".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.