Mikel Agirre Arizmendi (Anberes, Flandria, 1955) EITBko zuzendari nagusi izendatuko dute datozen egunetan. Eusko Legebiltzarrak izendatuko du Agirre. Horretarako, 38 boto behar dira, eta EAJren eta PSE-EEren aldeko botoak ziurrak dira. Gaur eguerdian EAJko Joseba Egibarrek eta PSEko Jose Antonio Pastorrek akordioaren berri eman dute prentsaurreko batean. Alderdi sozialistaren bozeramaileak adierazi du Agirre babesteko akordioa lortu dutela, irizpide batzuk kontuan hartuta: "EITBn lan egiten duen jendearen profesionaltasun irizpidea mantentzea, EITBk euskal kultura babestu eta euskararen erabilera defendatzea eta elkarbizitza balore zibikoak mantentzea". Halaber, Pastorrek azaldu du bi alderdiek konpromisoa dutela berriki onartutako erredakzio kontseilua bultzatzeko eta EITBren estilo liburua sortzeko.
EH Bilduko bozeramaile Laura Mintegik salatu du EAJk eta PSEk zuzendariari buruzko akordioa egin dutela, "baina ez proiektu bati buruzko akordioa". "Ez dute esan gizartean zer funtzio bete behar duen EITBk. Horretaz hitz egiteko beharra dagoela iruditzen zaigu", gaineratu du Mintegik.
1984. urtean hasi zen ETBn lanean Agirre, telebista martxan jarri eta urtebetera. Hainbat urtez ekoizle izan zen. Zuzendaritza taldearen parte izan zen, Andoni Ortuzar EITBko zuzendari nagusia zenean. Eta azkeneko lau urteetako zuzendaritzarekin, EITBko Ustiapen eta Igenieritzako zuzendaria izan da. Jose Antonio Agirre lehendakari ohiaren iloba da.
Duela egun batzuk BERRIAk argitaratu zuenez, talde profesional bat osatu nahi du Agirrek bere inguruan. ETBko zuzendari izateko Pello Sarasola nahiko luke, Estrategia arduradun kargurako Jaime Otamendi eta EITBko irratien arduradun posturako Odile Kruzeta.
EH Bilduk behin baino gehiagotan kritikatu du jeltzaleek soilik PSE-EErekin negoziatu dutela zuzendari nagusia nor izango den. EAJri, halaber, EITBren ereduaz hitz egiteko eskatu diote. EAJk, berriz, EH Bilduren negoziazioen inguruko bertsioa "gezurrez eta manipulazioz beteta" zegoela salatu zuen. Mikel Agirrek bilera bana izan du PSE-EEko eta EH Bilduko ordezkariekin.