Estatus politikoaz eta ekonomiaz luze jardun du Mikel Arana Ezker Anitzako lehendakarigaiak Hamaika Telebistan. Estatus politikoaren aldaketaz, Ezker Anitzaren jarrera horrela azaldu du Aranak: "Autodeterminazioaren aldekoak gara, eta ulertzen dugu estatu federal baten kide izateko herri bakoitzak horretarako borondatea adierazi behar duela. Guk ez diogu batere beldurrik independentziari. Gure federalismoa atxikimendu askekoa da. Beti esan dugu euskal gatazkaren irtenbidea galdeketa dela".
Gainera, Ezker Batuaren eta Ezker Anitzaren artean jendea nahas daitekeela eta, desberdintasunak nabarmendu ditu Aranak: "Ezker Batua beti saiatu da gobernuaren parte izaten. Bere helburua gobernu baten parte izatea izan da. Gure lehentasuna ez da inola ere hurrengo Jaurlaritzaren parte izatea. Proiektu federal baten kide gara, eta alderdi politiko euskalduna gara".
Ekonomia
Alor ekonomikoan, lan erreforma ez aplikatzea proposatu du. "Hori lortzen da enpresa guztietan hitzarmen baten bitartez". Uste du Eusko Legebiltzarrak hitzarmen hori bilatu behar duela, eta Eusko Jaurlaritzak ahalmena duela, enpresei emandako laguntzen bitartez, lan erreforma ez aplikatzeko.
Fiskalitatearen inguruan bi lehentasun nagusi ezarri ditu Aranak. Fiskalitatearen inguruko eskumena Eusko Legebiltzarrera eramatea nahi du, batetik: "Ulertzen dugu bi milioi luzeko herri batek ezin dituela hiru fiskalitate izan. Horretarako gehiengoak behar dira, eta Lurralde Historikoen Legea aldatu. Hori izango litzateke gure proposamena". Bestetik, iruzur fiskalaren aurkako "erabateko" borrokaren beharra nabarmendu du: "2012an denek ordaindu izan balute zegokiena, 2.400 milioi euro gehiago izango lituzkete Jaurlaritzako aurrekontuek, eta ez legoke murriketarik egin beharrik". Azkenik, fortuna handiei zerga berezi bat jartzea ere proposatu du, %75ekoa.