Mikel Belloso Gazteluko (Gipuzkoa) alkateak (Bildu) irailaren 30ean erregistratu zuen udalean kargua uzteko idatzia, eta gaur egingo dute dimisioa onartzeko osoko bilkura. Bilkura horretan aukeratuko dute alkate berria.
Efe berri agentziak jaso duenez, 2012an salaketa bat jaso zuen Bellosok, baita Gazteluko Bilduko beste hiru zinegotzik ere. Udaberri Taldea plataformak prebarikazio delitua eta funtsen bidegabeko erabilera leporatu zien, lursail baten salmentarekin lotuta. Udaberri Taldearen arabera, udalak 54.000 eurogatik saldu zuen lursaila, baina plataformak dio gutxienez 150.000 euroko balioa zuela. Iturri beraren arabera, konkurtsora aurkeztu zen lagun bakarrari adjudikatu zitzaion lursaila; hau da, Juan Jose Otegi alkate ohiari; gainera, Belloso da inguru horretan eraikitzen ari den eraikinaren jabe.
Udaberri Taldeak adjudikazio horren aurkako helegitea aurkeztu zuen, baina ez zuten onartu. Bide penaletik beste salaketa bat jarri zuen, eta gaur egun Tolosako 3. Instrukzio Epaitegiaren esku dago auzia. Iazko otsailean deklaratzera deitu zituzten alkatea eta Bilduko beste hiru zinegotziak, inputatu gisa. Nolanahi ere, udalak zehaztu du dimisioak ez duela loturarik kasuarekin.