ezbeharra

Mikel Gartzia Malerrekako euskara teknikaria hil da Perun, mendiko istripuan

Iruñekoa zen eta Donezteben egiten zuen lan, duela hamabi urtetik. Berarekin batera mendiko laguntzailea hil da, Nosly Dueñas. Lotan ari zirela elur jauzi batek harrapatu zituen astelehenean, Cusco inguruan. Ana Mari Lopez emazteak bizirik ateratzea lortu zuen eta larrialdi zerbitzuak ohartarazi zituen.

2012ko ekainaren 13a
09:27
Entzun

Mikel Gartzia mendizale iruindarra Perun hil da mendiko istripu batean, Ausangate inguruan, Cuscon. Eskalatzera joana zen Ana Mari Lopez emaztearekin, eta astelehenean goizaldeko 04:00etan elur jauzi batek harrapatu zituen kanpin dendan lotan zirela. Gartziarekin mendiko laguntzailea hil zen, Nosy Dueñas. Lopezek, ordea, bizirik ateratzea lortu eta erreskatze zerbitzuak ohartarazi zituen. Berak eraman zituen istripua gertatu zen lekura.

Gartzia Malerrekako euskara teknikaria zen; Donezteben egiten zuen lan. 40 urte zituen. Gartzi deitzen zuten gertukoek. Iruñean bizi zen, Donibane auzoan. Hamabi urte zeramatzan Malerrekako euskara teknikari. Tartean, bi urteko eszedentzian izan zen, Nafarroako Parlamentuan itzultzaile lanetan aritzeko.

Gorpuen bila abiatu dira

Peruko agintariek astelehenean jakinarazi zieten mendizaleen familiei desagertu zirela. 5.600 metro inguruan zebiltzan. Marco Perez Cuscoko mendiko laguntzaileen elkarteko presidenteak baieztatu zuen atzo istripua. Ondoren azaldu duenez, Lopezek beso bat elurretatik kanpo geratu zitzaiolako atera ahal izan zuen bizirik.

Perezek berak azaldu du Lopezek ibilaldi luzea egin zuela mendiko laguna kontratatu zuten agentziara arte. El Diario de Cusco egunkariak dio Pitumarcako polizia-etxearekin jarri zela orduan harremanetan eta Gartzia eta Dueñas hil egin zirela jakinarazi ziela. Peruko Polizia gorpuak ateratzera joana da. Perezek esan duenez, elurrak estalita daude gorpuak, Ausangate igotzeko "erdibidean". Zazpi ordu behar izan zituzten gorpuak dauden lekura iristeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.