Miaketa luze baten ondotik, etxearen jabeak ere atxilo eraman zituzten; Baionako polizia etxean atxiki ondotik, Parisera eraman zituzten hirurak. Gaur hartu die deklarazioa epaileak, eta Irastorza espetxeratu egin dute, eta etxejabeak aske utzi, karguekin.
Irastorzak 41 urte ditu, eta donostiarra da. Duela urte batzuk, Nazio Eztabaidaguneko ordezkari izan zen. Polizia iturriek zabaldu duten informazioaren arabera, 2008tik zegoen ihes eginda. 2015eko irailean Baigorriko etxe batean David Pla eta Iratxe Sorzabal atxilotu ondotik, ETAko buruzagi «nagusitzat» zuten. ETAri «burua moztu» diotela adierazi dute iturri horiek. Etxearen jabeak 59 urteko gizonezko bat eta 56 urteko emakume bat dira.
Urriaren 12an Frantziako Oise herrian ETAren armategi bat aurkitu ondotik etorri da atzoko polizia operazioa. ETAren 75 errebolber, 70 pistola, ehizarako bi fusil eta munizioa atzeman zituzten, lau bidoitan lurperaturik. «Zulo estrategikoa» zela erran zuen Espainiako Barne Ministerioak. Handik egun batzuetara, ETAk informazio hori gezurtatu zuen ohar batean, bere kontra jarritako «tranpa bat» izan zela salatuta. Armategi hori aspalditik zaindua zela jakinarazi zuen, eta arma horiek zigilatze prozesutik kanpo utziak zituela. Halaber, armagabetzean «konpromiso berriak» ere iragarri zituen.