Bi urte eta erdiko agintaldiaren ondoren utzi du kargua Mikel Irizarrek (Ormaiztegi, Gipuzkoa, 1954). Joan den maiatzean BERRIAn egindako elkarrizketa batean argi esan zuen aldundian zeuzkan zeregin handienak beteak zituela jada: “Kolpea ematea izaten da nirea; egon naizen lekuetan pare bat urtekoa izan da —orain laukoa, halabeharrez—. Egin nezakeen ekarpenaren zatirik handiena egina dago; osatzea falta da”.
Egindako bideari dagokionez, gizarte eragileekin izandako harremana nabarmendu du Irizarrek agurreko mezuan: “Azpimarratu nahi nuke gizarte eragileekin izandako harreman intentsoa. Bereziki eskertu nahi nuke konplizitateak eraikitzeko eta elkarlanerako jarrera hori. Denon artean baldintzak sortzea lortu dugu euskararen biziberritze prozesuan jauzi bat emateko. Bide horretan datozen urteak are eta ederragoak izango dira”. Aldundiko arduradunei eta lankideei eskerrak eman dizkie agertu dioten “konfiantza osoagatik”.
Aldaketa garaia iritsi dela euskara biziberritzeko prozesura, maiz eman du mezu hori Irizarrek, eta hori berretsi du orain ere. “Kargua uzten dut, baina euskaltzaletasuna ez. Euskararen aldeko lanetan berriz ere bidelagun izango gara”.
Kargua uzteko arrazoiak bideo batean azaldu ditu Irizarrek, eta itxaropen mezua eman du aurrera begira jarrita.
[youtube]https://youtu.be/QM1oUdM60jo[/youtube]
Gipuzkoako Aldundiak iragarri du urtarrilean izendatuko duela Irizarren ordezkoa.