Mikel Karrera Sarobe, Maite Aranalde, Arkaitz Agirregabiria del Barrio, Eñaut Aramendi eta Laetitia Chevalier atxilotu ditu gaur goizean Frantziako Poliziak Lapurdin, ETArekin lotuta. Guardia Zibilarekin elkarlanean egin du operazioa.
Karrera (Iruñea, 37 urte), Aranalde (Ibarra) eta Agirregabiria (Bilbo, 27 urte) ETAko arlo militarreko arduradunak direla diote iturriok, eta joan den martxotik aurrena dela taldeko buruzagi nagusia, Frantziako Poliziak Ibon Gogeaskoetxea atxilotu zuenetik -Poliziaren beste bertsio baten arabera, 2009ko apiriletik legoke ardura horretan Karrera, Jurdan Martitegi atzeman zutenetik-.
Hirurak Baionan atzeman dituzte. Polizia iturriek zabaldu dute Gurutze Sainduaren auzoko etxe batean harrapatu dituztela 6:15ean -Sargent Duhau karrikako 24. zenbakian-, poliziek aspalditik zutela kontrolatua etxebizitza eta Karrera astelehenean iritsi zela hara. Etxea miatzen dabiltza.
Aramendi eta Chevalier Urruñan atxilotu dituzte -Olheta auzoan-, erakunde armatuaren laguntzaileak direlakoan. Bikote dira eta euren etxean ere miaketa ari dira egiten. LAB sindikatuko ordezkaria da Aramendi.
Rubalcaba: "Kalitateko operazioa"
Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Gobernuko Barne ministroaren ustez, operazioa "oso garrantzitsua" da, baina "bukatzen utzi behar dugu". Helburua Karrera atxilotzea izan dela esan du baina, dena den, Agirregabiria atxilotzeak ere "operazioaren kalitatea" erakusten duela, "hau Karreraren bigarrena" baitzen, "ordezkatuko lukeela aparatu militarreko buruzagitzan". Atxilotuak ez zeudela ezkutatuta edo "errezatzen" ziurtatu du, "lanean" baizik. Atzematean "hiru pistola eta material informatiko ugari" atzeman diela esan du Rubalcabak.
Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak esan duenez, "ETA bukatzeko pauso inportantea da" gaurkoa.
Poliziaren arabera, 2003an egin zuen ihes Karrerak, eta aurretik izandako lau hilketekin lotzen dute. Agirregabiria 2008tik daukate iheslaritzat, eta aurtengo martxoan izandako Jean Serge Nerin Frantziako poliziaren hilketarekin zerikusia izan dezakeela diote. Aranalde iazko abuztuan atera zen kartzelatik, baldintzapean, eta gero ihes egin zuen. Kartzelatik irten zenean presio judizial eta mediatiko handia izan zuen; Baltasar Garzon epaileak Aranalde atxilotzeko agindua eman zuen, kasu.
atxiloketak
Mikel Karrera, Maite Aranalde, Arkaitz Agirregabiria, Eñaut Aramendi eta Laetitia Chevalier atxilotu dituzte Lapurdin, ETArekin lotuta
Lehen hirurak ETAko arlo militarreko arduraduntzat jo dituzte, beste biak laguntzailetzat. Baionan eta Urruñan izan dira atxiloketak, gaur goizean. Rubalcabaren ustez, operazioa "oso garrantzitsua" da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu