Espainiako Auzitegi Nazionalak 34 urteko kartzela zigorra ipini dio Mikel Otegi euskal presoari, 1995ean Itsasondon Jose Luis Gonzalez eta Ignacio Jesus Mendiluze ertzainak hil zituela leporatuta. Fiskaltzak 70 urteko espetxea eskatu zuen epaiketan.
ETAkoa izatea egotzita dago kartzelan Otegi, baina auzitegiak epaian ez du etakidetzat jo, hilketak egin zituenean artean ez zelakoan erakunde partaidea.
Presoak 800.000 euroko kalte-ordaina eman beharko die bi ertzainen senideei.
1995eko gertaera haiengatik 1997an epaitu zuten lehendabizi Otegi, Donostiako Auzitegian. Herri epaimahaiak errugabe jo zuen. Hark gero ihes egin zuen, eta Frantzian atxilotu zuten, ETAkoa zelakoan. Zazpi urteko espetxe zigorra jarri zioten Frantzian, eta Espainiako Auzitegi Konstituzionalak epaiketa berriro egiteko eskatu zuen.
Otegik aitortu izan du berak hil zituela bi ertzainak. Bere baserriaren atarian hil zituen, eskopetarekin.