Aita eta alaba 974 kilometrora daude. Hori da Getxotik Meauxeko espetxera (Frantzia) dagoen distantzia. Hori da epaileak agindu duen distantzia. Ez bakarra.
Irailean jaio zen Jare, Naia Kortabitarte eta Iker Beristainen alaba. Jaio bezain pronto, NANa eta Familia Liburua egin zizkioten umeari, eta agiri horien kopiak bidali Laurence Le Vert epaileari.
Frantziako Estatuan epaileek onartzen dituzte presoen bisiten zerrendak. «Haien esku dago nor bai, nor ez esatea», dio Kortabitartek. Alabak ahalik eta azkarren aitarekin biltzeko aukera izan zezan, bizkor bete zituzten paper guztiak.
Baina asteak aurrera egin eta epailearen erantzunik jasotzen ez zutela ikusirik, abokatuengana jo zuen amak. Le Vertek abokatuekin izandako elkarrizketa batean jakinarazi zien bere erabakia. Frantziako Estatuko kartzeletan aurrez aurrekoak existitzen ez direla argudiatuta eta sexu harremanak ezinezkoak direla esanda, Beristainen aitatasuna zalantzan jarri zuen epaileak. Informazio gehiago behar zuen, nonbait. «Familia liburuan alaba berea dela agertzen da: zer beste froga behar ditu?», salatu du Kortabitartek. «Beste froga bat, biologikoa edo dena delakoa, ez digu eskatu ere egin». Erabakia arbitrarioa dela uste du, beraz, Beristainen neska-lagunak. «Hala nahi duelako ukatu diote alabaren bisita. Ez dago beste arrazoirik».
Bi hilabete baino gehiago
Erabakiaren berri izan dutenetik, Meauxeko espetxean dauden Iñaki Arietaleaniz, Beñat Aginagalde eta Alex Uriarte presoek 26 egun daramatzate gose greban, Beristainekin batera. Lau presoek hamabi kilo inguru galdu dituzte, baina egindako froga medikuen arabera, ez dute sintoma larririk. Kortabitartek azaldu duenez, duela bi aste ikusi zituen. «Indartsu zeuden animoz».
Jare alabarekin joan zen haraino, aitarekin biltzeko aukera izango zuten jakin ez zekitela. Luzea eta astuna izan zen bidaia, are gehiago, hilabete gutxi dituen haur batentzat. Espetxera iritsi zirenean jaso zuten berria. Jarek ezin zuen aitarekin bildu. «Ni sartu nintzen, umea kanpoan utzita», dio amak. «Oso gogorra izan zen Ikerrentzat, bere alaba bertan zegoen, metro gutxi batzuetara, eta ezin zuen ikusi ere egin, besoetan hartu, laztandu...».
Epailearen erabakiak indarrean jarraitzen du. Aitak eta alabak ez dute inoiz elkar ikusi.
Mila kilometrora du aita
Aitatasunaren inguruan zalantzak dituela argudiatuta, bi hilabeteko alabaren bisitak ukatu dizkio Le Vert epaileak Iker Beristain presoari. Babesa agertzeko, espetxeko kideak gose greba ari dira egiten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu