Espainiako errege-erreginen bisita

Mila lagunetik gora izan dira Espainiako errege-erreginen bisitaren kontrako manifestazioan

Espainiako errege-erreginak eguerdia pasata iritsi dira Arrasatera, MCCk gonbidatuta. Bisita horren kontra manifestazioa egin dute mila lagunetik gorak 'Errege espainiarra kanpora' goiburupean. Eusko Jaurlaritzako lehendakari Juan Jose Ibarretxek eta MCCko zuzendaritzak, bestalde, ongietorria egin diete errege-erreginei. Espainiako Poliziak Uribe auzoko bizilagunak —han izan dira Espainiako errege-erreginak— identifikatu dituela salatu dute.

2004ko abenduaren 9a
20:03
Entzun
Fagorren lantegi bat inauguratzera eta Garaia Berrikuntza industrialdearen lehen harria jartzera gonbidatu ditu Espainiako errege-erreginak Arrasatera MCCk. Garaia Berrikuntza industrialdera joan dira lehenik eta behin. Han, errege-erreginak iritsi aurretik bozgorailu bat egon da martxan, ozen. Inork ez zekien nondik zetorren, baina ondo entzuten zen. EAJ eta Espainiako errege-erreginak euskal presoen sakabanaketaren eta torturaren "erantzule" direla esan du handik entzuten zen ahotsak, RIPen Terrorismo Policial kantua entzun da, eta Eusko Gudariak ere bai. Espainiako errege-erreginak iritsi baino apur bat lehenago isildu egin da megafonia. Errege-erreginak ordu laurden beranduago iritsi dira.

Era guztietako iritziak sortu ditu bisitak, eta Espainiako errege-erreginen bisitaren kontra dauden mila lagunetik gorak manifestazioa egin dute Arrasaten, Batasunak antolatuta. Manifestariek salatu dute beraiek egin nahi zuten ibilbidea egiteko baimenik eman ez izana.

Horrez gain, Euskal Herrirako "bake prozesuak mahai gainean daudenean, estatu espainiar zapaltzaileko erregea" Euskal Herrira etorri izana salatu dute. MCC ere kritikatu dute, gonbidapen hori egiteagatik.

Manifestazioa amaitu denean, manifestazioan parte hartu dutenetako batzuk Uribe auzoko sarrera biribilgunera joan dira. Han, Ertzaintzaren hiru furgoneta eta auto bat zeuden, eta gero, Guardia Zibilaren patruila bat ere joan da. Ez da istilurik egon, eta 14:00ak aldean denek alde egin dute.

Uribe auzoan "jazarpen poliziala" izan dutela salatu dute, eta Espainiako Poliziak hainbat lagun identifikatu dituela.

Epaitegiari erasoa

Arrasateko epaitegira harriak bota dituzte gaur eguerdian, ezezagun batzuek. Harri handiak jaurti dituzte, eta epaitegiko kristalak hautsi. Gainera, EFE berri agentziaren arabera, inguruan aparkatuta zeuden auto batzuk ere kaltetu dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.