Ingurumena. Garoñako zentral nuklearraren arriskuak

Mila pitzadurako zentrala

Garoñako zentral nuklearrari jarduera luzatzeko txosten bat eskatu dio Espainiako Gobernuak Segurtasun Nuklearrerako Kontseiluari (CSN). Ekologisten iritziz, Europako zentralik arriskutsuenetakoa da Garoñakoa.

Greenpeacek Garoñan egindako ekintza bat. P. ARMESTRE / GREENPEACE.
inaki petxarroman
2012ko urtarrilaren 6a
00:00
Entzun
Fukushimako zentralaren hondamendi nuklearrak mahai gainean jarri zuen iaz berriz ere munduan energia atomikoaren erabileraren egokitasuna. Japonian lehertu zen zentral nuklearra Garoñakoaren bikia da. Lehen belaunaldiko zentralak dira biak. General Electric AEBetako enpresak diseinatu zituen bien erreaktoreak (BWR/3 Mark1 euste sistemadunak). Aspaldi igaro zuen Garoñako zentralak dagokion jarduera erabilgarria —duela 16 urte hain zuzen ere—, eta arrisku ugari ditu, haietako batzuk, oso larriak.

1. Pikor arteko korrosioa

Hozte sisteman erabiltzen den uraren oxigenoak eta materialen akatsek sortutako arazoa da, eta erreaktorearen ontziaren hainbat elementuri erasaten die. Oso garrantzitsua da hori, erreaktorearen ontzia zentral nuklear baten bihotza delako. Bertan pilatzen da uranio erregaia. Arazo horregatik, konponketa ugari egin behar izan dituzte Garoñan, 1977tik hasita gaur arte. Ontziko tutuen %70ek pairatzen dituzte korrosio arazoak, eta haietatik pasatzen dira kontrol barrak erreaktorearen ontzitik kanpora. Ur irakineko zentral guztiek dituzte korrosio arazoak, baina Garoñarena konparaezina da, ekologisten iritziz. Arazo horregatik, erradioaktibitateak ihes egiten du kanpora —1989ko abenduan jakin zen 250.000 litrok ihes egin zutela ibaira xurgatze tutu bateko pitzaduratik—, eta, hain zuzen ere, ezizen hau eman diote Burgosko zentralari: Mila eta bat pitzadurako zentrala.

2. Upeltxoa

Upeltxoa erreaktorearen ontzi barruko osagai bat da. Erregai nuklearra inguratzen du, eta egiturazko osotasuna ematen dio. Garoñaren kasuan, bitan puskatuta dago. Arazoari aurre egiteko, enpresak zinta batzuk jarri dizkio goiko eta beheko aldeak elkarri eusteko. Ekologistek salatu izan dute konponbide hori «lardaskeria» bat dela eta zentrala ixteko arrazoi nahikoa izan beharko lukeela. Kontua da arazo hori konpontzea oso garestia dela, eta zentralak zein CSNk beti atzeratu dute haren konponbidea. Pieza hau oinarrizkoa da zentral nuklear batean dardarei aurre egiteko; esate baterako, lurrikara bat edo leherketa bat gertatuz gero. Dardara handiak galarazi egin diezaieke kontrol barrei sartzea, eta hori berebizikoa da, haiek aurre egiten diotelako erreakzio nuklearrari. «Arazo hau guztiz larria da, eta erakusten du zentral hau oso arriskutsua dela», adierazi du Carlos Bravo Greenpeaceko ordezkariak.

3. Euste sistema eta argindar kableak

2006an zentralak 10 urteko luzapena eskatu zion CSNri, eta hark bi baldintza jarri zizkion: kable sistema osoa aldatzea eta euste sistemaren balbulen arazoa konpontzea. Euste sistema oso garrantzitsua da. Izan ere, ihes erradioaktiboa gertatuko balitz, kanpora ihes egitea galarazten diolako: atmosferara, lurrera edo uretara. Garoñaren euste sistema Mark-1 da, Fukushimakoak zuen berbera. Sistema horren oinarria hauxe da: ur biltegi batek erreaktorea inguratzen du; hala, ihes egindako lurruna kondentsatu egiten da uretako burbuila artean nahastuta. Hala, presioa murriztu beharko litzateke. Txernobylgo istripuaren ondoren eta lehendik sistema horren arriskuari buruz zeuden txosten batzuen ondorioz, CSNk behin baino gehiagotan eskatu dio Garoñako zentralari aldatzeko. Alabaina, oso garestia da, zeren praktikan eraikin berri bat egin beharko litzateke zentrala mantentzeko. Hamar urtez luzatzea baimentzeko, aldaketa hori eskatu zion CSNk Garoñari, baina Zapaterok lau urterako bakarrik luzatu zionez, utzi egin zion ezer egin gabe. Jarduera berriz luzatuz gero, ikusi egin beharko da zer dioen CSNk, Fukushimako hondamendiaren ostean gai honek berebiziko garrantzia hartu duelako berriro.

Argindarraren kableak ere oso oinarrizkoak dira, zentral nuklear batean denak argindar bidez funtzionatzen duelako; besteak beste, nukleoak. Ezbehar bat egongo balitz, kableak gaizki baleude, zentrala ez litzateke behar bezala hoztuko, Fukushiman gertatu zen moduan. Garoñan duela bost urte kableak aldatu behar bazituzten ere, ez dute ezer egin.

4. Hondakin biltegiak

Fukushimak irakasgai asko eman ditu. Haietako bat, hondakin biltegiak —ur biltegiak, Garoñaren kasuan— ez direla gehiegi bete behar. Fukushimako hirugarren erreaktorean, hondakinen ur biltegiak su hartu zuen. Garoñaren kasuan, ur biltegia erreaktorearen gainean dago, eta hori oso larria da leherketa baten kasuan. Urteotan Garoñan ur biltegiak gainezka egin du, eta reracking sistema erabili dute: alegia, ur biltegi berean hondakin gehiago sartzea, hondakinen arteko tartea txikituz. Hots, erregai hondakinak gertuago jarri dituzte, eta tartean berun armazoiak. Hori oso arriskutsua da, zeren sute bat gertatuko balitz, erregai erradioaktibo gehiago legoke, ur gehiago lurrunduko litzateke eta tenperatura gehiago igoko litzateke. Horixe gertatu zen Japonian. CSNk esan du 2015etik aurrera ez dela Garoñan hondakin gehiago kabituko, eta hori izan zen PSOEren gobernuak erabili zuen arrazoietako bat zentrala ixteko agintzeko.

5. Hozte sistema

Garoñako zentralaren hozte sistemaren oinarria Ebro ibaitik hartzen duen ura da. Zentralak 720 hektometro kubo ur hartzenditu zuzenean ibaitik nukleoa hozteko, eta zuzenean botatzen du bueltan ura ibaira. Berez, hori egiteko, hiru gradu beroago itzul dezake zentralak ura, baina Garoñaren kasuan, hamar gradu beroago ere isurtzen du, Espainiako Ingurumen Ministerioak berak ohartarazi duenez. Egoera horri aurre egiteko, hozte dorre bat jartzea litzateke irtenbidea, Kataluniako Ascoko zentralean egin zuten moduan. Hozte sisteman duen arazo horrek erakusten du Garoñako zentral nuklearrak, ohiko jardunean ere, ez duela gaitasunik bere tresneria behar bezala hozteko. Ezohiko larrialdiren bat gertatuz gero, hondamendi egoera gerta liteke, nukleoa ez urtzeko borrokan berebizikoa baita zentralaren tenperaturari eusteko hozte sistema behar den moduan egotea.

6. Minbizia

Hondamendi nuklear bat gertatuko ez balitz ere, dagoeneko Garoñako zentralaren jarduerak kalteak eragin ditu inguruotako herritarren osasunean. Carlos III. Institutuaren Epidemiologia Zentro Nazionalaren Minbizi Unitateak 1999 eta 2001 bitartean egindako ikerketek antzeman zuten Garoñatik gertuko herritarren artean urdaileko minbiziaren tasa batez bestekoa baino handiagoa zela. Aldi berean, 30 kilometro arteko distantzian bizi direnen artean, birikako minbiziaren tasak eragindako heriotza kopurua ere ohi baino handiagoa da. Bestalde, 0 eta 24 urteko pertsonen artean, Garoñako zentrala da gertu leuzemiaren heriotza tasa handienak dituen zentral nuklearra. Garoñako zentralak kalte egindako herritarrek AVACA elkartea osatu dute, kasu horien guztien berri eman eta ardurak eskatzeko. Datu horiek gogora ekarrita, Alberto Frias Araba Garoñarik Gabe elkarteko eledunak ohartarazi du ez dela behar hondamendi nuklearrik Garoñak egunero herritarrengan eragiten dituen kalteak zenbatzeko: «Egunero erakusten du Espainiako demokraziaren kalitate eskasa, demokrazia ez dela oraindik neutroietara iritsi».

7. Natur hondamendiak

Garoñako zentralaren egoera kaxkarrak oso ahul uzten du ezohiko natur hondamendi batean, esate baterako. Lurrikara bat gertatuko balitz, adibidez, zentralaren egoera oso larria litzateke.

Garoñako zentral nuklearra 0,10 gramoko azelerazio horizontaleko lurrikara bati eusteko dago diseinatua. Esaterako, iaz Lorcan (Espainia) gertatu zenak 0,36 gramoko azelerazio horizontala eduki zuen. Fukushimakoak, aldiz, 0,55. Iberiar Penintsulan plaka euroafrikarrak eragiten ditu lurrikarak. Haietako batzuk oso larriak izan dira; esaterako, 1755ean Lisboa hiria guztiz birrindu zuena. Horrelako lurrikararen bat 200 urtetik behin gertatu ohi da, eta, aditu batzuen arabera, gertatzear dago.

CSNk egin dituen estres probetan adierazi du zentralek prest egon beharko luketela 0,30 gramoko azelerazio horizontaleko lurrikarei aurre egiteko. CSNk berak, berriki egindako estres probetan, azterketa zorrotzagoak eskatu dizkio zentralaren jabe Nuclenorri, egoera larria izan daitekeelako mugimendu sismiko bat jazoz gero: «Eragin esanguratsua litzateke, larrialdi neurriak hartzeko denbora hiru ordura murriztuko bailitzateke kasurik txarrenean».

Lurrikara ez ezik, uholde larri bat pairatzea da Garoñaren arrisku handienetakoa; esaterako, Ebroko iturrian dauden urtegiak puskatuko balira. Kasu horretan, tsunami baten indarra lukeen ur kolpe bat jasango luke zentralak. Horrek argindar hornidura etetea ekar lezake, eta, hain zuzen ere, kasu horregatik gertatu zen Fukushimako hondamendia. CSNk ohartarazi dio Nuclenorri horrelako kasuetarako egin dituen azterketak ez datozela bat horrelakoetan Espainiako urtegietan indarrean jartzen diren larrialdi planekin. Hala, azterketa horiek berritzeko eskatu dio. Garoñako zentrala Ebroren uholde lurretan dago, ibaiaren ondoko meandro batean.

Horretaz gain, Ebroko ur emaria asko jaitsiko balitz ere oso egoera kaxkarrean geratuko litzateke zentrala, guztiz beharrezkoa baitu ibaiaren emari handia bere hozte sistema zaharkituari eusteko. 2006ko udan, esaterako, zentralaren jarduera geratu behar izan zuten, hozte sisteman sortutako arazoen ondorioz. Arazoa Ebroko emariaren gutxitzeari eta haren uren berotzeari leporatu zion Nuclenorrek.

8. Larrialdi planak

Fukushimako hondamendiaren beste irakaspen bat da larrialdi planek guztiz porrot egin dutela. Japoniako hondamendian 2.400 hektarea lur daude erradioaktibitatez kutsatuta, eta milaka pertsona kaltetuta. Egoerak gainezka egin dio zentralak zuen larrialdi planari. Garoñako zentralari dagokionez, esanguratsua da berriki zentralari egin dioten estres probaren ostean CSNk egin dion ohar hau: «Istripu larri baten kasuan jabeak egindako bizigarritasun planak zalantza ugari eragiten ditu (ihesak, ezabatze ganberan atxikitzea, baldintza atmosferikoak, aire sarrera kontrol gelan, egonaldi denborak...). Beraz, zentralari indar handiagoa emateko, jabeak epe laburrean aztertu beharko du argindar sistema alternatibo bat nola ezarri korronte alternoa galduko balitz». Garoñako zentralak bost kilometro arteko larrialdi planak ditu; alegia, bakarrik bost kilometro artean dauden etxeak hustea aurreikusten du. Fukushimatik 50 kilometrora badira normalean baino ehun aldiz erradioaktibitate tasa handiagoa duten tokiak. Gasteiz Garoñatik 40 kilometrora dago, eta Bilbo, 55era. Ez batean ez bestean ez dago larrialdi nuklearrerako planik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.