COVID-19aren 9.214 test egin zituzten atzo Osasunbideko eta Osakidetzako profesionalek, eta positibo gehien Bizkaian atzeman zituzten: 457. Atzetik, Nafarroa: 280 izan ziren. Azkenik, Gipuzkoan 200 izan ziren, eta Araban 95. Osakidetzak atzemandako kasuen artean hamabost izan ziren erkidegotik kanpo diren pertsonenak.Uztailaren 10ean mila kasuko langa gainditu zenetik izan den kopuru apalena izan da.
COVID-19aren ondorioz erietxeetara heldutako pazienteen berri ere eman dute bi osasun sistemek. Osasunbideak lau lagun ospitaleratu behar izan zituen atzo, eta bi eraman behar izan zituen ZIU zaintza intentsiboetako unitateetara; denera, 123 paziente dituzte COVID-19arekin, horietako hogei ZIUetan. Osakidetzak jakinarazi du atzo beste 33 gaixo ospitaleratu behar izan dituela; 239 paziente dituzte erietxeetako gela arruntetan, eta 60 ZIUetan daude.
Gaur emandako datuetan, aurreko asteetako ildo berean, deigarria da pertsona oso gazteetan atzematen ari direla kasu positibo gehienak. Horren erakusgarri, adibidez, Osakidetzak jakinarazitako datuak: 100.000 biztanleko hamalau eguneko intzidentzia metatua, 10-19 adin tartean, 2.445 kasukoa da; 20-29 adin tartean, 2.667koa. Mailaketan hurrengoa 30-39 adin tartea da, baina erdira ere ez da iristen: 907 kasukoa da intzidentzia adin tarte horretan.
Positiboen ehunekoak (%11,3) oraindik erakusten du bidea egin behar dela izurria kontrolpean hartzeko; OME Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, datu hori %5etik jaistean has daiteke prozesua onbideratzen.