Milaka abertzalek egin zuten atzo Irun (Gipuzkoa) eta Hendaia (Lapurdi) arteko bidea, Nazio Eztabaida Gunearen deialdiarekin bat eginez. "Burujabetza osoa berreskuratzeko aukera emango duen beste esparru politiko bat lortzea" zuen xede ibilaldiak eta lelotzat Aldaketa garaia, burujabetza garaia. Nazio bat gara zazpiak bat izan zuen.
Dantzari eta herritarren artean eraman zuten ikurrina erraldoi batek gidatu zuen martxa. Atzean, hainbat erakundetako partaideak zihoazen. Besteak beste, Bai Euskal Herriari, Bilgune Feminista, LAB eta NaBaiko ordezkariak. Unerik hunkigarriena Gipuzkoa eta Lapurdi banatzen dituen Santiago zubia igarotzean izan zen, Jorge Oteiza eskultorearen artelan baten aurrean, hain zuzen ere. Hendaiara bidean dantzariek Ikurrin Dantza egin zuten. Ibilaladia Gaztelu Zahar pilotalekuan amaitu zen, milaka abertzaleren babesarekin.
Nazio izaera inoiz baino indar gehiagorekin babestu zuten, atzokoan. "Lurraldea, hizkuntza,kultura eta historia dira nazio bat osatzen duten osagaiak, eta Euskal Herriak horiek guztiak ditu", adierazi zuen Maite Aristegi Nazio Eztabaida Gunearen kideak. Nazio bezala aurrera egiteko "ezinbestekotzat" jo zuen herritar guztien batasuna eta babesa.
"Nahiz eta Euskal Herrian banaketa eta zapalkuntza aro bat hastear dagoen, euskal herritarrok nahikoa indar eta gaitasun ditugu nazio aske bat izateko", nabarmendu zuen Aristegik.
"Gehiengoa gara abertzaleok, baina gure indarrak banatuta daude", gehitu zuen Mikel Irastorza Nazio Eztabaida Gunearen kideak. Horregatik, "Euskal Herriaren beharrei eta interesei lehentasuna emateari" garrantzia eman zion. "Norberaren interesak alde batera utzi eta nazio moduan pentsatzen hasteko unea da".
Alderdi edo mugimendu politiko askok bat egin zuten Nazio Eztabaida Gunearen deialdiarekin eta nahiarekin. Ezker abertzalearen ustez, “mugak hautsiko ditugu eta eskuz esku elkarlana garatzeko aukera garrantzitsua da”. Baina argi dauka ezin dela "sinbolo" batean gelditu eta 2Euskal Herriaren iraupena bermatuko duen nazio izaera eguneroko lanaren bidez eraikitzeko konpromisoa oihukatzeko eguna" behar duela.
Aralarrek ere bat egin zuen Nazio Eztabaida Gunearen deialdiarekin. Argi du indar abertzale guztiek “lehenbailehen” heldu behar diotela inor baztertu gabe. “Kontua ez da denok berdin pentsatzea, baizik eta desberdintasunetatik indarrak batzen jakitea”.
Eusko Alderdi Jeltzaleko ordezkariak, Bilbon
Aberria askeagoa egiteko eta EAJ Eusko Alderdi Jeltzaleak "Euskadirekin eta euskal gizartearekin duen konpromisoa berrestea" izan zuen helburu atzo Bilbon ospatu zuten Aberri Egunak. Hainbat pertsona bildu ziren Bilboko Plaza Berrian egin zen ekitaldian. Bertan, Juan Jose Ibarretxe, Iñigo Urkullu EBB Euzkadi Buru Batzarreko presidentea eta Iñaki Azkuna Bilboko alkatea izan ziren besteak beste.
Urkulluk Juan Jose Ibarretxeri "gizarteak argi utzi du zu zarela lehendakaria" adierazi zion. Urkulluren hitzak txalo artean hartu zituzten Bilbora joan zirenek. Horrez gain, Eusko Legebiltzarrean PSE-EE eta PPren arteko akordioari ere aipamena egin zion, "sozialistek nahiago dute PP". Amaitzeko, Eusko ereserkia ozen abestu zuten partaideek.
Eusko Alkartasuna, Gernika-Lumon
Gernika-Lumon (Bizkaia) elkartu ziren EA Eusko Alkartasunako jarraitzaileak Geroa geurea lelopean. Ekitaldiari Jesus Mari Larrazabal Gasteizko Legebiltzarreko ordezkari bakarrak eman zion hasiera eta Koldo Amezketa EAren presidenteordeak eman zion amaiera. Hala ere, Carlos Garaikoetxea Eusko Jaurlaritzako lehendakari izana eta Unai Ziarreta EAko presidente ohia ere bertan izan ziren. "EA berriro indartzeko" alderdiaren barneko batasuna bultzatu zuen Amezketak. Martxoaren 1eko emaitzaren ondorioz, sortuko den Eusko Legebiltzarra "ez dela aldaketa polikoaren isla, baizik eta ongi koordinatutako estrategia eta Alderdien Legearen iruzurraren ondorioa".
EAk Nazio Eztabaida Gunearenean defendatzen duen indar abertzaleen arteko indar metaketarekin ere bat egin zuen. Egoera politikoa dela eta, abertzaleek "zuhurtasunez, irmotasunez eta bat eginda" aritu behar dutela dio.
aberri eguna
Milaka abertzalek bat egin dute Nazio Eztabaida Gunearen deialdiarekin
Aberri Eguna ospatu zen atzo Euskal Herrian, eta alderdi politikoek ekitaldi ezberdinak egin zituzten. EAJko kideak Bilbon elkartu ziren eta EAkoak, aldiz, Gernika-Lumon.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu