Agerraldi bat egin dute gaur IKAko euskaltegiek Bilbon, Milaka argi Nafarroan kanpainaren berri emateko. Iazko azaroan jarri zuten martxan, eta Aste Santura bitartean egingo dute kanpaina. Helburuak bi direla azaldu dute: "Nafarroa Garaiko euskaldunon sarea agertzea eta beharrezko babes ekonomikoa lortzea".
Agerraldian azaldu dutenez, zonifikazioak eta administrazioak urtetik urtera murriztu egiten dituen diru-laguntzek arazo larriak sortzen dizkiote helduen euskalduntzeaz arduratzen diren eragileei. Hala, milaka-argi.com webgunea aurkeztu dute, eta diru ekarpena egin daiteke atari horren bitartez. Nafarroako mapa batean bonbilla bat jarri dute gutxienez euskaldun bat den herri bakoitzean, eta esan dute helburua Nafarroako herri guztiak bonbilarekin piztea dela.
Momentuz 70 udalerri inguru daude piztuta, eta 7.000 euro inguru bildu dituztela adierazi dute.