Milaka eta milaka lagun bildu da gaur arratsaldean Iruñean, Forua eta askatasuna. Nafarroa ez da negoziagai lelopean UPNk eta CDNk sustatuta Nafarroako Gobernuak antolatutako manifestazioan. Espainiako Gobernuak herrialdean duen ordezkaritzak esan du 75.000 lagun bildu direla eta Foruzaingoak 103.000. Miguel Sanz Nafarroako Gobernuaren lehendakaria ez da sartu datuetan, "baina hemen inoiz egin den manifestaziorik handiena izan da. Aurreko jendetsuenaren bikoitza bildu da gaur".
Espainiako ehunka bandera ikusi dira bertan, eta Espainiako Konstituzioaurreko bandera batzuk ere agertu dira. Nafarroako Gobernua herrialdeko ikurrinak banatzen aritu da.
Handiak izan dira segurtasun neurriak, bertan izan direlako Espainiako Polizia eta Nafarroako Foruzaingoa. Ibilbidea, berriz, hesitu egon dago.
Giroa, esperotakoa. Hala, "Nafarroa ez da saltzen", "Nafarroa Espainia da", "Gora Espainia", "Zapatero, dimisioa" eta antzeko oihuak botatzen aritu dira manifestariak.
Pankartari eusten Nafarroako Gobernuko presidente Sanz eta kontseilariak egon dira, baita Rafael Gurrea (UPN) Legebiltzarreko presidentea, Juan Cruz Alli CDNren burua eta Yolanda Barcina (UPN) Iruñeko alkatea ere. Aurrerago herritar talde batek Nafarroako bandera handi bati eutsi dio.
Atzerago, Mariano Raxoi PPren presidentea eta alderdi bereko Maria San Gil (EAEko burua), eta Eduardo Zaplana, Angel Acebes, Pio Garcia Escudero, Esperanza Aguirre eta Jaime Major Oreja buruzagiak egon dira, besteak beste. Falangekoak ere bertan izan dira, Ermuko Foroko gazteak ere bai...
Manifestazioaren bukaeran, Sanzek esan du gaurkoa "herritarren plebiszitua" izan dela eta "Nafarroa negoziagai ez den errealitate politikoa" dela. "Edozein aldaketa, terroristen arrakasta litzateke", haren iritziz, eta uste du Nafarroa "gakoa" izan daitekeela "Espainiaren etorkizuneko lurralde antolaketan".
Raxoik ere hitz egin du, eta antzeko mezua helarazi die han bildutakoei.
LABen manifestazioan kale aldaketak
Iruñean bertan, 17:35ean, LABen manifestazioa hasi da (bestearen hasiera 17:00etan izan da), autobus geltokitik, Deslokalizaziorik ez! Gure industria defenda dezagun lelopean. Jende asko elkartu da; 7.000-8.000 lagun.
Paulino Caballero karrika lanengatik itxita dagoela-eta, manifestazioak Carlos III.a kaletik joan beharko zuela esan die Espainiako Poliziak, baina LABekoek ez diote aldaketa horri garrantzirik eman. Aurrealdean Espainiako Poliziaren bi furgoneta joan dira, ezker abertzalearen beste manifestazio askotan bezala.
Carlos III.era iritsi arte arazorik gabe joan da manifestazioa, giro onarekin, batukada eta guzti. Carlos III.era heldu direnean, ordea, Poliziak esan die hor ere obretan daudela eta azkenean Paulino Caballero karrikan sartu behar izan dute LABekoek, handik San Inazio karrikara iristeko. Honen bukaeran Sarasate pasealekua ikusten da eta han zeuden beste manifestaziokoak, euren ekimenaren bukaera bertan zelako. San Inaziotik Nafarroako Korteak karrikara sartzera zihoazenean, beste manifestaziotik bi lagun azaldu dira; adineko gizonezko bat LABekoei "puta semeak" esaten hasi zaie eta gazte bat, berriz, keinu itsusiak egiten. Iruñeko 28 udaltzain zeuden hantxe baina ez dute ezer egin bi horiek geldiarazteko. Ondoren Espainiako Poliziako zazpi agente iritsi dira eta gaztea eraman egin dute. LABeko arduradunak uneoro jendea lasaitzen aritu dira eta euren artean hesi bat ere egin dute.
Manifestariek "Euskal presoak Euskal Herrira" eta "independentzia" oihuak bota dituzte.
Rafa Diez LABen idazkari nagusiak hitz egin du bukaeran, Udaletxe plazan, eta "Nafarroa euskal estatuaren arima" izango dela esan du. "Eskubia beldur da, oraingo markoari eutsi nahi dio eta ez du nahi nafarrek erabakitzea euren etorkizuna". Beste manifestazioak, 1936. urtea ekarri dio gogora. "Ematen du 1936an bezala datozela, Nafarroa konkistatzera".
Milaka eta milaka lagun Iruñeko manifestazioan, "Nafarroa Espainia da" esanez
Jendetza handia bildu da. "Nafarroa ez da saltzen", "Zapatero, dimisioa" eta antzeko oihuak ere botatzen aritu dira. Espainiako ehunka bandera zeuden. Tentsio une batzuk izan dira, LABen manifestaziora bestetik bi lagun azaldu direnean. 8.000 lagun elkartu dira sindikatu abertzalearen ekimenean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu