euskal herria

Milaka herritar bildu dira Donostian eskubide zibil eta politikoen alde

Bulebarrean hasi da martxa 17:15 aldera, 'Ibero askatu!' eta 'euskal gazteria aurrera!' oihuekin. Ordubete inguruko ibilbidea egin dute. Jendetza bildu du deialdiak, 6.000 lagun, antolatzaileen arabera; manifestazioaren burua Artzai Onean zegoenean, jendea oraindik Bulebarrean zegoen atera gabe. Laranja kolorez jantzi dituzte Donostiako kaleak. 

2013ko apirilaren 13a
18:47
Entzun

Apur bat atzeratu bada ere, 17:15 inguruan abiatu da Donostian eskubide zibil eta politikoen aldeko manifestazioa. Milaka lagun batu dira Espainiako Auzitegi Gorenak Donostiako zortzi gazteri seina urteko espetxe zigorra berretsi izana salatzeko. Eleak mugimenduaren laranja kolorez jantzi da martxa; kamisetek eta globoek koloreztatu dute ibilbidea.

Martxaren hasieran Ekaitz Ibero aske uzteko oihuak entzun dira; txalo artean hasi du bidea manifestazioak. Herri harresia eraiki dezagunEuskal gazteria aurrera eta Gazteak gara, ez terroristak! ere oihukatu dute. Jendetza bildu du deialdiak; manifestazioaren burua Artzai Onean zegoenean, jendea oraindik Bulebarrean zegoen geldirik. Manifestazioaren burua Bulebarrera iritsi denean Presoak kalera, amnistia osoa oihukatu dute.

Eleak mugimenduko Txerra Bolinagak nabarmendu du "elkartasunetik haragoko pausoak" behar direla, "desobedientzia zibilaren bidetik". Ekitaldia bukatuta, guztiak lurrean eserita, Ekaitz Iberoren mezua: "Animo denei, ez kikildu. Aurrera. Gora euskal gazteria". Hala mintzatu dira gazte auzipetuak: "Etor daitezela beren borra, ezkutu eta arma guztiekin. Ez gara eramaten utziko. Zuekin, zuei esker".

Astelehenean heldu zen Auzitegi Gorenaren erabakia. Segi gazte erakundean egin duten lan politikoagatik beste zortzi gazte zigortu ditu. "Talde terroristako kide" izatea egotzi die, eta delitu ekintzarik egin dutenik frogatu ez arren, haiek seina urterako preso sartzeko aginduz Auzitegi Nazionalak eman zuen zigorra berretsi du. Beste zazpi lagunen kasuetan, gaizki ebatzi zuela esan dio Gorenak Auzitegi Nazionalari, eta errugabetu egin ditu.

Aske Gunean askotariko ekintzak

Egun berean, epaia gaitzesteko manifestazioa egin zuten Donostian, eta ondoren Aske Gunea jarri zuten martxan. Asteazkenean, aurrez atxilotze eta espetxeratze agindua zuen Ekaitz Ibero gaztea eraman zuen Ertzaintzak, hura babesten zutenen aurka egin ondoren. Oraindik zutik dirau, ordea, Bulebarrean eraikitako guneak, eta han dira espetxeratuak izateko arriskuan diren beste zortzi gazteak.

Gaur goizean ere hainbat jarduera izan dira Aske Gunean; Porrotx pailazoaren emanaldia eta Xentimorik Gabe antzezlana, esaterako. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.