HERRI URRATS

Milaka herritarrek egin dute bat Ipar Euskal Herriko ikastolen alde

Herri Urratsen izan dira erakunde publikoak ere, eta Seaska eta Xalbador ikastola diruz laguntzeko konpromisoa adierazi dute.

2013ko maiatzaren 13a
07:39
Entzun

Milaka lagun izan ziren atzo Senpereko aintziraren inguruan, Herri Urratsen, Ipar Euskal Herriko ikastolen aldeko bestan. Hogeita abar urte lelopean ospatu zuten jaialdia, eta atzoko irabaziak Kanboko Xalbador ikastola eraberritzeko baliatuko dituzte.

Eguraldia aldeko izan zuten Senperera joan zirenek, eta hasiera ekitaldian izan ziren erakunde publikoetako ordezkariak ere; besteak beste, EEP Euskararen Erakunde Publikoko presidente Frantxua Maitia, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Cristina Garmendia eta Gipuzkoako Euskara zuzendari Zigor Etxeburua. Ikastolen Elkarteko presidente Koldo Tellitu eta Udalbiltzako lehendakari Mertxe Aizpurua ere han izan ziren, besteak beste.

Euskarazko hezkuntza babesteko eskatu zien Maitiak Ipar Euskal Herriko hautetsiei. Uriartek, berriz, Ipar Euskal Herrian euskara biziberritzeko lanean hezkuntzak eta Seaskako ikastolek duten zeregina aitortu zuen: "Seaskak biziki zati garrantzitsua betetzen du ahalegin zabal horretan, eta horregatik egon gara urte luzetan eta egongo gara aurrerantzean ere, Seaskaren ondoan, bere lana ahal dugun neurrian errazteko".

Konpromisoak betetzea galdegin zien, ordea, Paxkal Indo Seaskako lehendakariak erakundeei. Izan ere, oroitarazi duenez, Patxi Lopezek zuzentzen zuen Jaurlaritzak ez zituen hitzemandako akordioak bete.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.