Jose Ignacio Wert Espainiako Hezkuntza ministroak sustatutako hezkuntza erreformaren aurka protesta egingo dute gaur arratsaldean Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan, eta hezkuntza nazional bat aldarrikatuko dute. 17:30ean ezarri dute hitzordua Bilbon, Donostian eta Iruñean; Gasteizen, ordea, 19:00etan ekin diote mobilizazioari.
Euskal Herrian gure hezkuntza lelopean elkartuko dira. Bilbon, Jesusen Bihotzetik abiatuko dira; Donostian, Bulebarretik; Gasteizen, Bilbo plazatik; eta Iruñean, autobus geltokitik.
ELA, LAB eta EILAS sindikatuek deitu dute elkarretaratzera, eta hainbat eragileren babesa jaso du ekimenak. Hezkuntza Kalitatearen Hobekuntzarako Lege Organikoaren (LOMCE, gaztelaniaz) aurrean, "alarma eta kezka sakon komuna" adierazi zuten otsailaren 19an eginiko agerraldian.