politika

Milaka lagun bildu dira Bilbon "salbuespen" neurrien aurka

Gernikako Akordioaren sinatzaileek deituta egin dute manifestazioa. 'Parot doktrina' ontzat eman izana "gatazkaren konponbidearen aurkako erabakia" dela salatu dute, eta Espainiaren "borondate falta" islatzen duela. Akordioko eragileek berretsi dute "aterabide demokratikoa erdiesteko konpromisoa" dutela. 

2012ko apirilaren 14a
18:37
Entzun

Konponbidean aurrera egiteko "salbuespen neurriak" bertan behera utzi behar direla aldarrikatzeko milaka lagun bildu dira gaur arratsaldean Bilbon, Gernikako Akordioaren sinatzaileek deitutako nazio manifestazioan. 17:40an hasi da martxa, Casilla plazatik, Salbuespenezko neurriak indargabetu. Konponbide garaia da lelopean.

Eragileen artean izan dira, besteak beste, ezker abertzaletik Rufi Etxeberria eta Maribi Ugarteburu, Aralarretik Dani Maeztu, EAtik Pello Urizar, Alternatibatik Oskar Matute eta Amaiurretik Xabier Mikel Errekondo. Manifestazioan euskal presoen etxeratzearen eta amnistiaren aldeko oihuak entzun dira.

Espainiako Auzitegi Konstituzionalak euskal preso zigorra luzatzeko doktrina ontzat eman izana "irmoki arbuiatu" dute, martxaren bukaeran irakurritako idatzian esan dutenez. "Konstituzionalaren erabakia oso larria da, oinarrizko giza eskubideen aurka egiten duelako. Baina, horrez gainera, gatazkaren konponbidearen aurkako erabakia da, gobernuaren borondate falta agerian uzten duena".

Gernikako Akordioa izenpetua duten eragileek berretsi dute "aterabide demokratikoa erdiesteko konpromisoa" dutela. "Irekiriko prozesua bururaino eramateko konpromiso osoa eta sendoa dugu; euskal herritar guztiok garaile izango garen gatazka politikoaren aterabide demokratikoraino eta giza eskubide guztien errespeturaino, alegia". Horretarako, "herritarron inplikazioa eta bultzada erabakigarria" izango dela azpimarratu dute. "Bakea eta demokraziarekin guztiok irabazten dugu".

Konstituzionalak Parot doktrina esaten zaion irizpidea ezartzea ontzat eman duela jakin zenean iragarri zuen Gernikako Akordioak gaurko protesta, euskal presoei ezartzen dizkieten "salbuespen neurriak" indargabetzea baita, haien ustez, konponbidean aurrera egiteko eman beharreko lehen pausoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.